Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu da. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, sektoreko hitzarmen berriak %75eko gutxieneko lanaldia ezarriko du eta plantillen erabilgarritasuna ezabatuko du. 2025-2028ko indarraldia izango du akordioak eta aho batez onartu dute. Gaur egunera arte, zortzi erresidentzietako langileak greba mugagabean daude. Sindikatuak erresidentzia hauetako asanbladek hitzarmenaren baieztapena itxarongo dute akordioa sinatzeko.
Gutxieneko lanaldiaren %75eko lanaldia ezartzeaz gain, akordioak bertan behera utziko du orain arte langileei ezartzen zitzaien disponibilitatea eta kontratu jaitsiera, lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea erraztuz. 60 urtetik gorako langileek %100eko kontratua izateko aukera izango dute. Bestalde, ordainsarietan hobekuntzak lortu dira akordio honetan. Lau urteetarako KPIaren igoeraz gain, beste %2ko soldata igoera emango da. Igoera horri esker, gerokultoreen —zentroetako kategoria nagusia— oinarrizko soldatak hilean 2.000 euroko muga gaindituko du.
Langileen osasuna hobetzeko neurriak jaso ditu aurreakordio honek, besteak beste, gaixotasun bajei dagokionez, lehen IT kasu guztietan %100eko soldata bermatuta izango dute. Aurreakordio hau, negoziazio mahaian dauden bestelako sindikatuen babesa jaso du, LAB, CCOO eta UGT, baita ere, patronaletik, Adegi, Matia eta Lares. Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio honen balorazioa egin du, eta akordioak "aurrerapauso garrantzitsua dakar sektorearen egonkortasunerako" eta Gipuzkoako "zainketa-sistema indartzen jarraitzeko".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta