• EKONOMIA
  • ELAk langileak kriminalizatzea leporatu die Alderdi Popularrari eta Confebaski

ELAk langileak kriminalizatzea leporatu die Alderdi Popularrari eta Confebaski

Pello Igeregiren esanetan, ez dago absentismorik Euskal Herrian. Sindikatuak dio “lan eskubideak murrizteko eta gaixorik dauden pertsonak lanera joatera behartzeko diskurtsoa” erabili dutela Feijóok eta Yagüek

Pello Igeregi gaurko prentsaurrekoan | Argazkia: ELA
Pello Igeregi gaurko prentsaurrekoan | Argazkia: ELA
2026ko uztailaren 15a - 16:33
Eg. 2026ko uztailaren 15a - 17:57

ELAk Hego Euskal Herriko langileen aldi baterako ezintasunei buruzko txostena aurkeztu du gaur. Txostenak ondorioztatzen du “langileen osasunaren okertzea” lotuta dagoela “enpresek ezarritako lan baldintza prekarioekin, prebentzio faltarekin eta osasun publikoaren ahultzearekin”.

 

Pello Igeregi ELAren lan osasun saileko arduradunak PPko buruzagi Alberto Núñez Feijóok eta Confebaskeko presidente Tamara Yagüek azken egunetan absentismoari buruzko eginiko adierazpenen aurka egin du, Igeregiren esanetan, Euskal Herrian ez baitago absentismorik, eta langileak kriminalizatzea leporatu die Alderdi Popularrari eta Confebaski.

Sindikatuaren hitzetan, “lan eskubideak murrizteko eta gaixorik dauden pertsonak lanera joatera behartzeko diskurtsoa” erabiltzen dute Feijóok eta Yagüek. Gauzak horrela, gogorarazi du joan den astean biek defendatu zutela aldi baterako ezintasunean dauden langileek prestazio txikiagoa jasotzea.

 

ELAren txostenaren arabera, nazioarteko azterketek “argi” erakusten dute lan baldintza prekarioek osasunean eragin zuzena dutela. Soldata baxuek, kontratuen ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak %61 handitzen dute depresioa izateko arriskua, %77 antsietatea pairatzekoa eta %51 nork buruaz beste egiteko arriskua.

Lan eredu hori sustatzea egotzi die Confebask eta CEN patronalei. Izan ere, "1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeari uko egin diote, eta kontratazio prekarioa bultzatzen jarraitzen dute, aldi baterako kontratuen, aldizkako kontratuen edo probaldian amaitzen diren kontratuen bidez".

Sindikatuaren aburuz, “langileen pobretzeak, biztanleriaren zahartzeak eta osasun publikoaren narriadurak are gehiago okertu dute egoera”. Horrekin batera, txostenaren arabera, Hego Euskal Herriko langileen osasun adierazleak Espainiako Estatuko okerrenetakoak dira.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain