• EKONOMIA
  • ELAk langileen subrogazioa exijitu du Gipuzkoako anbulantzien zerbitzua publikoa egiten denerako

ELAk langileen subrogazioa exijitu du Gipuzkoako anbulantzien zerbitzua publikoa egiten denerako

Sindikatuak salatu du 45 langileren lanpostuak arriskuan daudela zerbitzua publiko eginez gero

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2025eko abenduaren 30a - 13:54

Osakidetzak erabaki du Gipuzkoako anbulantzien zerbitzuan indarrean dagoen kontratua amaitzea, eta zerbitzua publiko egiteko asmoa azaldu du. Zehazki, Gipuzkoako Osasuneko Lurralde Ordezkaritzak indarrean dagoen kontratua bertan behera uzteko erabakia hartu du eta, urtarrilaren 7tik aurrera, zuzenean bere gain hartzea Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuen kudeaketa. Horren aurrean, ELAk salatu du orain arte anbulantzien zerbitzua beren gain hartu duten 45 profesionalen (medikuak, erizainak eta osasun-garraioko teknikariak) lanpostuak ez daudela bermatuta.

 

“Euskadiko Gaixo eta Istripudunen Garraioaren Hitzarmen Autonomikoko 12. artikuluak argi dio: titulartasun edo kudeaketa aldaketetan enplegua eta lan baldintzak bermatu behar dira. ELAri bereziki larria egiten zaio administrazio publiko batek betebehar horiek saihestu nahi izatea”, dio sindikatuak ohar bidez.

Anbulantzietako beharginak zerbitzua publiko egitearen alde daude, baina sindikatuak argitu du ez dutela onartuko aldaketa hori “langileen kaleratzeen kontura egitea”. Langileen lan eskubideak errespetatzeko eskatu du, eta sindikatuak adierazi du hilabeteak daramatzatela informazioa, elkarrizketa eta gardentasuna eskatzen, baina prozesua “aldebakarrekoa eta opakoa” izan dela diote. Hala, ELAk langileen subrogazioa exijitu du anbulantzien zerbitzua Osakidetzaren menpe gelditzen denean.