Osakidetzako lantalde osoaren lan baldintzak hobetzeko asmoz, greba eta mobilizazioak egingo dituela iragarri du ELAk. Sindikatuak Donostiako Amara Berriko anbulategiaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur, eta salatu du Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez duela borondaterik Osakidetzaren egiturazko arazoei heltzeko.
Jaurlaritzak eta SMEk azken astean sinatutako akordioaren aurka ere egin du, sindikatuaren aburuz, ez dielako medikuen kolektiboaren arazoei irtenbiderik ematen, aparteko orduak sustatzen dituelako eta gainerako lanbide kategoriak bazterrean uzten dituelako.
Gauzak horrela, sindikatuak gogorarazi du soldatak hobetzeko ez dela lan zama handitu behar, eta lau urtean 2.000 fakultatibo gehiago kontratatzeko eskatu du, guardiak eta autokontzertazioa pixkanaka desagerrarazteko.
Osakidetzako kolektibo ororen lan baldintzak hobetzeko negoziazioa irekitzea eskatu du, eta aliantzak ehuntzen hasi dela azaldu, “behar adinako intentsitatea eta iraupena” izango duen greba bultzatzeko eta kolektibo guztientzako lan baldintzak arautuko dituen akordio berria negoziatzera behartzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta