ELAk kritikatu du EAEko aldundien fiskalitatea “enpresa-interesen alde” diseinatuta dagoela eta Kontzertu Ekonomikoa enpresak fiskalki laguntzeko erabiltzen ari dela. Sindikatuak azaldu duenez, azken egunotan Cebek patronaleko presidente Guillermo Bucesek eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek egindako adierazpenek hori berretsi dute.
Sindikatuak emandako datuen arabera, 2018 eta 2025 artean langileen soldatetatik datorren PFEZaren bilketa %50 baino gehiago handitu da. Aldi berean, sozietateen gaineko zergaren bidez bildutakoa %2,55 jaitsi dela nabarmendu du, nahiz eta urte horietan enpresen mozkinak handitu egin diren. Gauzak horrela, ELAren esanetan, gaur egun langile-klaseak sostengatzen du zerga-sistema, batez ere PFEZaren eta BEZaren bidez.
ELAren ustez, joera hori indartu egin zen 2025eko erreforma fiskalarekin. Sindikatuak gogorarazi du EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek adostutako erreforman sozietateen gaineko zergan kenkari berriak onartu zirela. Gainera, salatu du azken urteotan Kontzertu Ekonomikoa erabili dela Espainiako Estatuan ezarritako zenbait zerga oztopatzeko edo arintzeko, hala nola energia-enpresen eta bankuen aparteko mozkinen gaineko zergak.
Bestalde, sindikatuak adierazi du Irango egoeraren ondoriozko krisiari aurre egiteko erakundeek hartutako neurriak batez ere enpresei laguntzera bideratu direla, eta pertsona ahulenentzako neurriak “ia inexistenteak” izan direla. Sindikatuaren arabera, fiskalitateak zerbitzu publikoak finantzatzeko balio behar du, eta bilketa murrizteak osasungintza, hezkuntza eta etxebizitza kaltetu ditzake.
Horregatik, ELAk eskatu du aparteko mozkinak dituzten enpresentzako zerga bat ezartzea eta zerga-sistemaren inguruko eztabaida zabaltzea. Proposatu du, besteak beste, enpresek gutxienez irabazien %25 ordaintzea, kapital-errenten eta lan-errenten arteko desberdintasun fiskalak murriztea eta iruzur fiskalaren aurkako kontrol publikoa handitzea.