• EKONOMIA
  • ELAk salatu du Osakidetzak hobekuntzarik gabe itxi duela lizentzia eta baimenen gaineko akordioa

ELAk salatu du Osakidetzak hobekuntzarik gabe itxi duela lizentzia eta baimenen gaineko akordioa

Sindikatuaren esanetan, negoziazioa blokeatuta dago eta akordioa ez da eguneratu 17 urte baino gehiagotan

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko ekainaren 29a - 15:23
Eg. 2026ko ekainaren 29a - 15:35

ELAk salatu du Osakidetzak lizentzia eta baimenen inguruko akordioa behin betikotzat jo duela, hobekuntza nabarmenik egin gabe. Sindikatuak ohar bidez adierazi du, lizentzien eta baimenen esparrua 17 urte baino gehiago eguneratu gabe dagoela, eta negoziazioan urratsik eman gabe itxi duela akordioa Osakidetzak.

 

Salaketa mahai sektorialaren bileraren ostean egin du ELAk, eta gaitzetsi du Osakidetzako Akordio Arautzailea berritzeko negoziazioak geldirik daudela. Sindikatuaren arabera, Jaurlaritzaren Osasun Sailak "gehiegizko baikortasunez aurkeztu ditu azken urteotako ustezko aurrerapenak, baina diskurtso hori ez dator bat osasun zentroetako profesionalek egunerokoan bizi duten errealitatearekin”.

Halaber, sindikatuak dio Osasun Sailaren asmoa dela ahalik eta kostu txikienarekin akordioa lortzea, “kolektibo jakin batzuei hobekuntza mugatuak eskainiz eta gainerako langileen beharrak bazterrean utzita”.

 

Gauzak horrela, ELAk jakinarazi du udazkenean greba mugagabea sustatuko duela, negoziazioa desblokeatzeko eta “egiturazko arazoei” irtenbidea emateko. Besteak beste, soldatak eta erosahalmena hobetzea, lanaldia murriztea, aparteko orduak eta jardunaldi osagarria ezabatzea, lantaldeak gaztetzeko plana abian jartzea eta behin-behinekotasuna murriztea eskatzen du.