
Lan hitzarmen berriaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatzeko asmoz, ELAk sei greba egun deitu ditu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako hitzarmen sektorialaren negoziazioa urtarrilean abiatu zela azaldu du sindikatuak, eta lau bilera ondoren, patronalek sindikatuak egindako aldarrikapenei ez dietela erantzun salatu du.
Sektorean 5.000 bat langilek lan egiten dute Gipuzkoan, ia denak emakumeak. ELAko ordezkariek gaur Donostian egindako prentsaurrekoan azaldu dute “lan baldintza prekarioetan” ari direla lanean, eta gogoratu dute % 90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa dela.
“Langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Hau enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da”, adierazi du sindikatuak.
Zaintza sistema erdigunean jarri eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatu du sindikatuak. Ekainaren 11,12,13 eta uztailaren 9,10 eta 11an langile guztiak deitu dituzte grebara.