• EKONOMIA
  • ELAren arabera, "jarraipen masiboa" izan du Iberdrolako langileen grebak

ELAren arabera, "jarraipen masiboa" izan du Iberdrolako langileen grebak

Sindikatuak salatu du energia konpainiak 6.285 milioi irabazi baditu ere, langileen erosahalmena %19 murriztu dela

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko ekainaren 19a - 14:08
Eg. 2026ko ekainaren 19a - 14:10

Greba eguna zuten gaur Iberdrolako langileek, eta ELAk ohar bidez jakinarazi duenez, “jarraipen masiboa” izan dute lanuzteek. Hego Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Estatu osoan 10.000 langile zeuden grebara deituta, 6.285 milioiko irabazien aurrean, langileak erosahalmena galtzen ari direla salatzeko.

 

ELAren arabera, geldialdiak ia %90eko jarraipena izan du Asua, Ortuella, Abadiño, Gernika, Leioa, Durango, Santurtzi, Barazar, Miramon, Hernani, Eibar eta Ordiziako lantokietan. Bilboko Larraskitu auzoko lantegian jarraipena %20koa izan da, eta Iberdrola dorrean %20koa.

Beharginek 2024ko abendutik iraungita dagoen hitzarmen kolektiboa berritzea eta galdutako erosahalmena berreskuratzeko neurriak eskatu dituzte, besteak beste. ELAk salatu duenez, erosahalmenaren galera %19tik gorakoa da.

 

“Urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioen ondoren, zuzendaritzak blokeatuta mantentzen du negoziazioa, soldatak KPIari lotzeari uko egiten diolako”, dio ELAk oharrean. Eta ez hori bakarrik. Sindikatuak salatu du Iberdrolak hainbat zuzendaritza kargurentzat 400 milioi eurotik gorako ordainsari eta pizgarriak onartu dituela.

Era berean, sindikatuak uste du lanpostu ugari pixkanaka Bilbotik Madrilera eramaten ari dela energia konpainia.