
Elgoibar eta Mendaro artean ezarri nahi den Ekiola energia kooperatibaren proiektuak aurrera jarraitzen du. Eguzki energia sortzeko parkea martxan jartzeko asmoa dute bertan, eta proiektua dagoeneko “sozializazio-fasean” da. Urtearen amaierarako eguzki energia parkea prest egotea aurreikusten du Ekiolak.
Auto-hornikuntzarako eguzki energia ekoizteko planta berria kudeatuko duen kooperatibara eskualdeko herritarrak erakarri asmoz, datorren ostegunean, maiatzaren 22an proiektua aurkeztuko zaie Elgoibarko herritarrei, informazio saio baten bidez, udalerriko Aita Agirre aretoan. Maiatzaren 23an, ostiralean, Mendaroren txanda izango da, bigarren informazio saio bat egingo udaletxeko batzar-aretoan.
Halaber, Elgoibar eta Mendaroko udalek informazio eta aholkularitza bulego bana izango dute, eta txandakako jardunaldietan egongo dira zabalik, maiatzaren 26tik ekainaren 7ra bitartean. Bi udalez gain, Danobatgroup-ek ere egitasmoan parte hartuko du, 120.000 euroko ekarpena eginda.
Ekiolak 650 bazkide lortu nahi ditu. Kooperatibak argitu duenez, batez besteko kontsumoa urteko 2.200 kW denean, kooperatibari egindako ekarpena 2.300 euro ingurukoa izango da kooperatibista bakoitzaren aldetik. Elgoibar eta Mendaroko Ekiolako energia-kontsumitzaile bakoitzari 24 €/MWh kostatuko zaio energia sortzea lehen urtean.