• EKONOMIA
  • Elikadura-sektorearen aldaketak ulertzeko hiru begirada

Elikadura-sektorearen aldaketak ulertzeko hiru begirada

Euskadi Elikatuz sarien lehen edizioko irabazleak dira Udapa, Euskaber eta Fernández Terreros harategia. Sektorearen erronkez, belaunaldi-erreleboaz, berrikuntzaz eta jasangarritasunaz hitz egin dute EnpresaBIDEArekin

Euskadi Elikatuz sariaren irabazleak | Argazkia: Eroski
Euskadi Elikatuz sariaren irabazleak | Argazkia: Eroski
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 3a - 05:30

Kontsumitzaileen ohiturei erantzutea, ekoizteko moduak berritzea eta hurrengo belaunaldiei lekua egitea: horiek dira, besteak beste, euskal nekazaritzako elikagaien sektoreak aurrean dituen erronkak, kostuak handitzen ari diren eta merkatuaren baldintzak aldatzen ari diren une honetan.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Errealitate horren hiru alderdi agerian geratu dira Euskadi Elikatuz sarien lehen edizioan. Carnicería Fernández Terreros harategi eta abeltzaintza enpresak belaunaldi-erreleboaren saria jaso du; Udapa nekazaritza-kooperatibak, berrikuntzarena; eta Euskaber kooperatibak, jasangarritasunarena. Guztira, 60 hautagaitza baino gehiago aurkeztu ziren Eroskik eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean antolatutako deialdira. Hiru proiektuek abiapuntu desberdinak dituzte, batak haragia, besteak patatak eta azkenak arrautzak ekoizten dituelako; hiru ordezkariekin hitz eginda, aldiz, agerian geratzen da erronkak partekatzen dituztela.

Gazteak erakartzea ez da nahikoa

“Erronka nagusia gazteei bultzada ematea da, belaunaldi erreleboak aurrera egin dezan”, adierazi du Alfonso Fernández Segurak, Carnicería Fernández Terreros enpresako laugarren belaunaldiko kideak. Familia-enpresak 1908tik dihardu abeltzaintzan eta haragizko produktuen merkaturatzean, eta belaunaldiz belaunaldi eraikitako proiektuari eusten dio gaur egun Fernándezek.

 

Haren arabera, lehen sektoreak belaunaldi-erreleboaren arazoari egin behar dio aurre, baina era berean, uste du gazteek badaukatela jardueran hasteko interesa. Horretarako, ordea, beharrezkoa da administrazioek bidea erraztea eta baliabideak eskaintzea, abeltzaintzaren kasuan, esaterako, lurra aurkitzea zaila izan baitaiteke Euskal Herriko orografia dela eta.

Familia-enpresak 1908tik dihardu abeltzaintzan eta haragizko produktuen merkaturatzean, eta belaunaldiz belaunaldi eraikitako proiektuari eusten dio gaur egun Fernándezek

Gazteak erakartzea, ordea, ez da nahikoa. Lehen sektorean lan egin nahi duenak jarduera horretatik bizitzeko aukera ere izan behar du. Karmele Pikabea Etxabe Euskaber kooperatibako zuzendariak azaldu duenez, gazteak hurbiltzen ari zaizkie oilategiak irekitzeko asmoz, baina haien erronka nagusietako bat ustiategiak errentagarri bihurtzea da. Izan ere, inbertsioak gero eta handiagoak dira: oilategi berriak egiteko kostua %50 igo da.

Euskaberrek 35 baserritar biltzen ditu Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan. Kooperatibaren helburua da baserritarrak beren jardueraren bitartez duintasunez bizitzea, eta, horretarako, baserritarrek ekoitzitako arrautzak erostea eta haien inbertsioak bideragarri egiteko moduko prezioa bermatzea du oinarri kooperatibak. Pikabeak argi du sektorearen etorkizuna ez dagoela soilik belaunaldi-erreleboaren esku: ekoizpenak ekonomikoki bideragarria izan behar du.

Lehiakorrak izateko, ekoizteko moduak egokitu behar 

Kostuen gorakada da hiru ordezkariek aipatutako beste kezketako bat, energiaren garestitzeak, ekoizpen-prozesuen gastu gero eta altuagoek eta nazioarteko egoerak eragina baitute enpresen jardunean. Horren aurrean, Ana Carrasco Udapako zuzendariak eraginkortasuna handitzeko beharra azpimarratu du. Iritzi dio sektoreak gero eta hobeto aprobetxatu behar dituela eskura dituen baliabideak: energia gutxiago kontsumituz, uraren erabilera optimizatuz eta hondakinak murriztuz, adibidez.

Eraginkortasunak, gainera, ingurumenari ez ezik, enpresen lehiakortasunari ere eragiten dio. Kostuak handitzen direnean, ekoizteko moduak hobetzea beharrezkoa da merkatuan lehiakor izaten jarraitzeko. Ildo horretatik, Fernández Segurak argi du euskal ekoizleek ezin dutela munduko beste herrialde edo eskualde batzuekin lehiatu ekoizpen-bolumenari edo prezioari dagokienez. Horren ordez, kalitatezko produktuak eskaintzea eta gertuko ekoizpenaren balioa nabarmentzea proposatzen du. Carnicería Fernández Terrerosen kasuan, behi- eta txerri-haragia ekoizten dute, besteak beste, eta gertutasuna, kalitatea eta bezeroarekiko arreta dituzte bereizgarri.

Euskaber kooperatibako arrautzak | Argazkia: Spri
Euskaber kooperatibako arrautzak | Argazkia: Spri

Lehiakortasunari eusteko beste bide bat berrikuntza da. Udaparen esperientziak erakusten du berritzea ez dela soilik ekoizpen-prozesuetan teknologia berriak sartzea: kontsumitzaileen ohiturei erreparatzea eta haien arabera egokitzea ere bada. Carrascok azaldu duenez, patata freskoaren kontsumoa aldatzen ari dela ikusita, kooperatibak produktu prestatuen aldeko apustua egin du. Hala sortu dute Paturpat, patata zuritu, moztu eta prestatua eskaintzen duen proiektua. Aldi berean, hazitarako patataren ekoizpena indartzeko lanean ari dira, Arabako sektore horrek iraganean izan zuen garrantzia berreskuratzeko asmoz.

Horretarako, Udapa 15 milioi euroko inbertsioa egiten ari da hazitarako patataren tratamendu- eta kontserbazio-prozesuetan. Besteak beste, kontserbazio-metodoetan eta akatsak hautemateko ikusmen optikoko sistemetan inbertitu dute, patataren kalitatea eta osasungarritasuna bermatzeko. “Ez dugu lehen egiten genuena egiten jarraitu nahi, garaiak aldatu egiten direlako”, azaldu du Carrascok.

Jasangarritasuna, ingurumenetik harago

Berrikuntza eta eraginkortasuna zuzen zuzenean lotu daitezke jasangarritasunarekin. Euskaberren kasuan, animalien ongizatea eta ingurumen-inpaktua murriztea dira lan-ildoetako batzuk. Kooperatiba Neikerrekin ari da lanean oilategietako tenperatura, hezetasuna eta gasen emisioak neurtzeko, datu horiek ekoizpenarekin alderatzeko eta oiloen ongizatea hobetzeko moduak aztertzeko. Horrez gain, Eroski eta BC3rekin batera, oiloen elikaduraren ingurumen-inpaktua murrizteko aukerak ikertzen ari dira, besteak beste, soja-proteinaren ordezkoak bilatuta.

Haatik, Pikabeak ez du jasangarritasuna ingurumenaren ikuspegira mugatzen: “Guretzat jasangarritasunak hiru zutabe nagusi ditu: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa”. Haren esanetan, ingurumen-inpaktua murrizteak ez luke zentzurik izango baserritarrek beren lanetik duintasunez bizitzeko aukerarik izango ez balute. Horregatik, kooperatibaren helburua da ekoizpena eta ingurumenaren zaintza uztartzea, baserritarren eta langileen bizi-baldintzak ere kontuan hartuta.

Izan ere, lehen sektoreak beste hainbat zailtasuni ere egin behar die aurre. Pikabeak sektorean gertatzen ari den enpresa-kontzentrazioa aipatu du, erosle handiek gero eta pisu handiagoa dutelako. Fernándezek, berriz, azken urteetako lehorteak, gaixotasun berriak eta nazioarteko gatazkek eragindako ziurgabetasuna gogoratu ditu. Egoera horretan, hirurek egokitzeko beharra azpimarratu dute, bakoitza bere jardueratik eta esperientziatik abiatuta.

Udaparen esperientziak erakusten du berritzea ez dela soilik ekoizpen-prozesuetan teknologia berriak sartzea: kontsumitzaileen ohiturei erreparatzea eta haien arabera egokitzea ere bada

Arazoak gorabehera, ez dute etorkizuna ikuspegi ezkorretik soilik aztertzen. Fernándezek gazteengan ilusioa ikusten du; Euskaberren, berriz, baserritar berriak hurbiltzen ari zaizkie, eta Udapak ekoizpena eta merkatuaren behar berriak uztartzeko apustua egin du. Hiru esperientziek erakusten dute sektoreak aurrera egiteko ez dagoela bide bakarra, baina badirela elkarren osagarri diren hainbat behar: belaunaldi berriei bidea irekitzea, jardueraren errentagarritasuna bermatzea eta ekoizteko moduak etengabe hobetzea.

Hori guztia elkarlanean egin beharreko bidea dela nabarmendu zuen Rosa Carabelek sari-banaketaren testuinguruan: “Etorkizuneko elikadura aliantzak eraikitzen jarraitzearen, ezagutza partekatzearen eta gaitasunak batzearen menpe dago, Euskadirentzat estrategikoa den sektore bat indartzeko”. Izan ere, haren esanetan, banakako ahaleginek muga argiak dituzte, eta aurrerapauso nagusiak ekoizleen, industriaren, banaketa-enpresen, ezagutza-zentroen, elkarteen eta erakundeen arteko lankidetzatik etor daitezke.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain