• EKONOMIA
  • Elkargik eta Donostia Sustapenak bikoiztu egingo dute Abalen Funtsa programara bideratutako dirua

Elkargik eta Donostia Sustapenak bikoiztu egingo dute Abalen Funtsa programara bideratutako dirua

Proiektu ekintzaile berritzaileak laguntzeko helburua du programak

Azalpenak eskaini ditu Ane Oyarbide (ezkerrean) zinegotziak | Argazkia: Donostia Sustapena
Azalpenak eskaini ditu Ane Oyarbide (ezkerrean) zinegotziak | Argazkia: Donostia Sustapena
2025eko maiatzaren 22a

Elkargik hitzarmena berritu du Donostia Sustapenarekin eta hitzartu dute Abalen Funtsa programara bideratutako diru kopurua bikoiztea, 280.000 eurora iritsita. Tresna horren helburua da tokiko start-upei finantzaketa erraztea, batik bat, berritzaileak diren proiektuei edota hazteko gaitasuna dutenei. Ekimenaren “abantaila berriei” buruzko azalpenak eskaini ditu Ane Oyarbide zinegotziak, eta, besteak beste, eragiketa mota gehiagori abala emateko aukera izango dute negozioek, aktiboak erostetik hasi eta nazioartekotze edo eraldaketa digitaleko prozesuetaraino.

 

Aurkezpenean azaldu denez, Abalen Funtsak azken hiru urteetan 1,4 milioi euro baino gehiago bideratzea lortu du proiektuak finantzatzera. Iaz 229 proiektu ekintzaile artatu zituzten, eta batez besteko laguntza eragiketa bakoitzeko 90.000 eurora iritsi zen. Nuuk Technologies eta Natural Active Wear izan dira laguntza jaso duten horien artean aipatu dituzten bi enpresa.

Estrategia handiago baten parte da Abalen Funtsa, zeinak, Oyarbideren hitzetan, xede duen “Donostia berrikuntzaren eta ekintzailetzaren arloan erreferente bihurtzea”. 2025eko Berrikuntza Planak sei milioi euro baino gehiago bideratuko ditu hiriko ekintzailetza ekosistema indartzera, eta fokua jarriko da, bereziki, 4.0 industrian eta biozientzian. Elkargiko Rakel Martín zuzendariak adierazi du erakundeak “jarraitu egingo duela proiektu berriak sortzen laguntzen”, eta elkarlan publiko-pribatuaren alde agertu da, “ekintzailetza ekosistema sustatzen duelako”.