45. urte bete ditu gaur Elkargi finantza erakundeak, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du 200 gonbidatu baino gehiagorekin. Urte guzti hauetan erakundeak zenbateko esanguratsuak lortu ditu: 10.000 milioi euro baino gehiago mobilizatu ditu finantzaketan, 23.200 enpresa bazkide lagundu ditu, aholkua eskaini du 1.000 finantza-proiektu baino gehiagotan, eta soilik azken urtean 1.000 zuzendari baino gehiago prestatu ditu.
Topaketan hainbat eragilek parte hartu dute, eta guztien artean Elkargiren ibilbidearen gainean hausnartu dute, lau hamarkadatan egindakoak eta “garapen ekonomikoari egindako ekarpena” aztertuta. Gogorarazi dutenez, erakundea sortu zenean, 1980an, langabezia tasa %20 ingurukoa zen, eta inflazioa %15ekoa; gainera, interes tasak “oso handiak” ziren eta kreditua lortzea “ia ezinezkoa” zen. Enpresaburuen errealitatea zaila zela esan dute Elkargikoek, “asaldura soziopolitikoak eta ETAren existentziaren” harira.
Elkargiren historia aztertuta, dimentsio etikoaren gaiari heldu dio Adela Cortina Etika Finantzarioko katedradunak. Bere arabera, ez dago sozietate onik enpresa onik gabe, eta ez dago enpresa onik gizarte onak eraikitzen laguntze ez badute. Ildo beretik, Elkargi zoriondu du Cortinak, “bere balioengatik”. Azkenik, Zenon Vazquez Irizarrek eta Carlos Etxeberrik etorkizuneko erronken gainean hitz egin dute, eta nabarmendu dute datozen urteetan fokua finantza-berrikuntzan, jasangarritasunean, laguntza estrategikoan eta enpresa-sarea indartzean jarriko dutela.
