Ipar Euskal Herrian Euskal Hirigune Elkargoak 2023an indarrean eman zuen konpentsazio neurriak bazterrak inarrosten segitzen du beti. Lapurdiko kostaldeko zenbait herritan aplikatu behar den arau horren arabera, Airbnb bezalako alokairu laburrak proposatzen dituen jabe batek gisa bereko bizitegia ere alokatu behar du, urte osoan zehar eta herri berean. Élodie Mir FNAIM higiezin sareko presidenteak begi txarrez ikusten du neurria aplikatzea, ia ezinezkoa baita.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Frantziako justiziak baztertu ditu konpentsazio neurriaren kontra eman dituzuen helegite guziak. Halere, araua borrokatzen segitzen duzue. Zergatik?
Élodie Mir (E.M.): Estatu kontseiluraino joan behar izan dugu eta hark ere aitortu du neurria ez dela jabegoaren kontrakoa, interes orokorraren aldekoa baizik. Epaia onartzea besterik ez zaigu gelditzen. Arau berria legezkoa da beraz, baina gure ustez ez da ona. Izan ere, indarrean dagoenetik konpentsazioa zazpi aldiz baizik ez da egin ahal izan. Argi da gaur egun ia ezinezkoa dela betetzea. Gainera, segur aski jabe batzuek alokatzen segitzen dute baimenik gabe. Airbnbren hemorragia gelditu behar zen, horretan denak ados gaude, baina orain araua egokitu behar genuke. Ez ote da garaia ate bat irekitzeko elkarrekin gogoetatzeko? Urte osoan hemen bizi behar dutenek eta turistek berradiskidetu behar lukete.
Konpentsazio neurria ez al da eraginkorra? Bere helburu bakarra ez ote zen Airbnb pisuen etengabeko biderkatzea gelditzea?
E.M.: Ipar Euskal Herriak erakargarritasun handia dauka. Tentsio oso handia dago etxebizitzaren arloan eta ez bakarrik alokairu laburrengatik. Orain, gisa horretako eskaintza apaldu da Lapurdiko kostaldean, baina joan den udan Landa hegoaldeko lankideek ikusi zuten ohi baino bisitari gehiago ibili zela bertan. Turista horiek egun-pasa joaten ziren gero Lapurdiko kostaldera, adibidez. Fenomenoa ezin izan dugu zehatz neurtu, baina nabarmena da. Hori ez zen arau berriaren helburua. Erakundeek ikusi behar dute alboko kalte horiengatik euskal ekonomiak apaltzeko arriskua duela eta turismoaren zerga gutxiago eskuratuko dutela. Galdera zintzoak egin behar dizkiogu denek gure buruari.
Élodie Mir (FNAIM): "Gure ustez kate osoa ongi ibil dadin behar da dena neurtu, ebaluatu, egokitu eta elkarrekin eraiki"
Euskal Elkargoak onartu duen alokairuen mugatzea ere ez zaizue gustatzen, zergatik ote?
E.M.: Bigarren neurri horrek ere ez ditu bere helburuak lortzen. Helegitea eman dugu bere aurka. Alokatzeko orduan Frantziako legediak ongi bereizten ditu hutsak diren pisuak eta altzariak eta elektrizitate-tresnak dauzkatenak. Gaur egun, ikusten da alokairuen prezioak apalagoak direla pisu batzuen barnean altzariak daudelarik. Garestiagoak dira hutsak baldin badira. Gure ustez, desberdintasun hori inkoherentzia handia da. Izan ere, gehienetan, urte osoan alokatu nahi duenak bere altzariak dauzkalako jadanik. Alokairu osagarrien kontzeptua berrikusi behar litzateke ere. Behin betiko zehaztu behar da zer den. Alokairuen mugatzeari esker prezioak apaldu dira alde batetik, baina bestetik, jabe batzuek gehiketak inposatzen dituzte maiz terraza bat edo garaje bat izateagatik, adibidez. Sinatzen diren kontratuen kontrol gehiago egin behar litzateke eta lan horretan gu bezalako agentzia profesionalek edo baimenak dituzten elkarteek esku hartu beharko genuke. Gaur egun egiten denarekin zalantzak dauzkagu. Elkarte eta hautetsi batzuek diote neurria ona dela eta kitto. Ez dute inoiz xehetasunik ekartzen. Frantziako federazioa alokairuen mugatzearen kontra dago, baina guk hemen diogu aplikatu behar dela, egoera minbera baita oso.
Elkargoak urrats berria eman du duela gutxi. Hutsak diren etxebizitzak direla eta, zerga berria izango da 2027ko urtarrilean. Zer diozue?
E.M.: Informazioa falta da. Norbait gai ote dago errateko zer den zehatz hutsa den etxe bat? Juridikoki zer da? Gure ustez, inork ez daki. Ondorioz, lehenik zehaztu behar genuke zer diren etxe hutsak eta gero ikusi zer egin horiekin. Gogoeta horietan denek parte hartu behar genuke. Guk ere zailtasunak pairatzen ditugu erosteko ahalmena apaltzen ari zaigulako, arazoak ditugulako bizitegiak izateko edo langile berriak kontratatzeko etxerik ez baitute aurkitzen. 240 kide daude gure sarean baina aurten ere 10 kide inguru galdu ditugu. Egia da batzuek erretiroa hartu dutela, baina gehienek beren enpresa hetsi behar izan dute behin betiko. Erakundeek zenbait neurri indarrean ematen dituzte, baina arau berrien ondoan ez da eraikuntza berririk eskaintzen. Neurri horiek ez dira baitezpada aterabidea arazo guziei buru egiteko. Tentsio handia dago batez beste metro karratuak 7.369 euro balio baitu Miarritzen, 6.551 euro Bidarten, 6.038 euro Angelun eta 4.093 euro Baionan. Gure ustez kate osoa ongi ibil dadin behar da dena neurtu, ebaluatu, egokitu eta elkarrekin eraiki. Itsasoan dikeak eman ohi ditugu, baina urak igaro nahi badu, egin dezake.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta