Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur, otsailaren 11. Zientziarena sektore maskulinizatua izan da historian zehar, eta emakumeek egindako lan asko gizonen izenean erregistratu dira, edo bigarren plano batean geratu dira. Hala, emakumeen lana aitortzeko eta ikusarazteko, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean sortu zuen eguna eta 2016an hasi ziren ospatzen. Zortzi urte geroago, esan liteke emakumeek zientzian duten presentzia pixkanaka handitzen doala, baina oraindik genero arrakala handia dagoela sektorean. Egunari lotuta, 24 euskal erakundek 50 ekintza baino gehiago biltzen dituen programa zabala prestatu dute, otsailaren 17ra arte luzatuko dena. Tartean mahai inguruak, jolasak, filmen proiekzioak, esperimentu tailerrak edota emakumezko zientzialariekin solasaldiak izango dira, “zientzia bada nesken kontua” mezua lau haizetara zabaltzeko.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, mundu osoan zientzia arloan lanean aritzen diren emakumeen kopurua %33,3koa da, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza edota matematika ikasketak egin dituztenen kopurua %35 pasatxokoa. Gurera etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoan Ikerketa eta Garapenean (I+G) 33.591 pertsona aritzen dira lanean, eta horietatik 12.497 dira emakumezkoak, %37,2a, aste honetan bertan Euskal Estatistika Erakundeak publiko egindako datuen arabera. 2000. urtetik hona, egoera zertxobait aldatu da, %30ekoa baitzen orduan emakumeen presentzia sektorean. “Egoera aldatzen ari da eta gero eta emakume gehiago daude zientzia arloan ere. Baina hazkundea oso txikia da, nahiko genukeenaren aldean oso motela”, azaldu du Itziar Otegui CIC nanoGUNEko komunikazio arduradunak.
Itziar Otegui: “Egoera aldatzen ari da eta gero eta emakume gehiago daude zientzia arloan ere. Baina hazkundea oso txikia da, nahiko genukeenaren aldean oso motela”
Zientzia diziplina ezberdinak aztertuta, emakume gehien osasun zientzietan dagoela ikus daiteke, medikuntzan %59,8 emakumezkoa izanik. Bioteknologian ere gehiengoa, %59,7a, emakumea da, baina, ingeniaritza da sektorerik maskulinizatuenetarikoa, lanean diharduten 20.939 pertsonatik 5786 baino ez direlako emakumeak. Informatika eta matematikak ere antzeko batezbesteko datuak dituzte, %18,7a da emakumea lehenengoan, eta %15,4koa bigarrenean.
Bultzada ikasketetatik hasita
Lan arlora igaro aurretik, ikasketak egin behar izaten dira. Osasun zientzietan dago matrikulatuta emakume gehien, eta ingeniaritzan gutxien, 16.298 ikasletatik 4.632 bakarrik direlako emakumeak. Zientzien adarrean leudeke parekotasun gehien, 2.245 emakume, 2.172 gizonen aurrean.
Lanbide heziketan, berriz, %35 da emakumea, eta Elektrizitate eta Elektronikan nabari da genero arrakala handiena, emakumeak %6,1 soilik direlako. Aldiz, batxilergoan, zientzia batxilergoa egiten dutenen %48,8 dira neskak, eta %51,2 mutilak. Aitzitik, gizarte zientzietako batxilergoa egiten duten neskak %57,7 dira. Oteguiren ustetan, “esperotako datuak dira, emakumeak zientzia ikasketetara sarbiderik ez duelako izan urte askoan”, eta horrek eragin duelako “zientziaren estrukturan gizonak protagonista bakarrak izatea”.
“Emakume askok alde egin behar izaten dute ikerketa mundutik, ezin dutelako jarraitu, eta horrek asko jaisten du zientzia arloko emakumeen presentziaren zenbatekoa. Hor arazo estruktural garbi bat dago”
Hala ere, unerik ilunena askotan ikasketak amaituta iristen dela uste du, bereziki, ikerketa munduan. “Emakume askok alde egin behar izaten dute ikerketa mundutik, ezin dutelako jarraitu, eta horrek asko jaisten du zientzia arloko emakumeen presentziaren zenbatekoa. Hor arazo estruktural garbi bat dago”, dio. 14.074 ikerlari gizonezko daude egun, eta 8.120 ikerlari emakumezko.
Egoera ikusita, azken urteetan instituzio ezberdinak berdintasun planak ezarri dituzte eta hasiak dira beren fruitua ematen. Nafarroako Gobernuak, esaterako, emakumeak zientzia sektoreko ikasketak egitera bultzatzeko ekimena du martxan, emakume zientzialari erreferente batzuk adibidetzat jarrita.
Emakumea, garapenerako ezinbesteko
Oteguik argi du zergatik den estrategikoa emakumea zientzian aritzea: “Zientziak galdera piloa egiten ditu eta horiei erantzun egiten die. Galdera horiek berdin-berdinak diren pertsonek egiten badituzte oso antzekoak izango dira beti, baina dibertsifikazio gehiago dagoen tokian galdera gehiago egingo dira eta konponbide gehiago aurkitzeko gai izango gara, ikuspuntu ezberdinetatik. Emakumea ere galdera horiek egiten egoteak erreminta gehiago ematen dizkigu gizartearen, teknologiaren eta ekonomiaren garapenean”.
“Zientziak galdera piloa egiten ditu eta horiei erantzun egiten die. […] Dibertsifikazio gehiago dagoen tokian galdera gehiago egingo dira eta konponbide gehiago aurkitzeko gai izango gara, ikuspuntu ezberdinetatik”
Hala, zientzia arloko emakume erreferenteak izatearen garrantzia azpimarratu du, emakumeen presentzia hazten lagun dezaketelako. “Historian zehar emakume zientzialari asko izan dira, lorpen oso handiak egin zituztenak eta ezagutzea merezi dutenak. Milaka daude, lehenagokoak eta oraingoak. Marie Curie ez da bakarra izan. Ezagutu ditzagun gainerakoak ere”.