Gaur hasi dira Nafarroako eta Gipuzkoako abelburuak dermatosi nodularraren aurka txertatzen. Espainiako Gobernuaren aginduz, Frantziako Estatutik gertuen dauden ganadutegietako animaliak txertatuko dituzte lehenbizi, izan ere, Ipar Euskal Herrian atzeman dira eritasun kasu gehienak, eta horren ondorioz, azken asteetan Ipar Euskal Herriko laborariek Frantziako agintariek behien izurria kontrolatzeko harturiko neurri gogorren aurka egin dute.
Nafarroan 60.000 abelburu ingurugu txertatuko dituzte. Gipuzkoan, aldiz, 44.000. Espainiako Gobernuak, halaber, Arabako eta Bizkaiko ganadutegiak txertaketa planetik kanpo utzi ditu oraingoz. Erabaki horren harira, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea kexu agertu da eta adierazi du ez duela Madrilen hautua ulertzen.
Era berean, ENBA, EHNE Konfederazioa eta UAGN nekazaritza sindikatuek Irungo (Gipuzkoa) mugan manifestatzeko deia egin dute, urtarrilaren 15ean. Ohar bidez azaldu dutenez, dermatosi nodular kutsakorraren aurrean “babesgabetasuna” sentitzen dute.
Sindikatuek exijitu dute “Frantziaren mugakide diren autonomia-erkidegoek, hala eskatuko balute, txertoa jartzea euren lurralde osoan”. Horrekin batera, “txertatutako eremuetako animaliak eta txertatu gabeko eremuetako beste animalia batzuk elkarrekin bizi diren herri-mendien gaiari heltzeko beharra” ere azaldu dute.
Mugan kontrol zorrotzagoa ezartzea ere nahi dute, eta Frantziako abereen sarrerak aldi baterako debekatzea, abeltzaintzarako osasun-arrazoiak direla eta.
Europako Batzordeari ere eskaera egin diote, “neurri egokiak” har ditzan, “positibo bat emanez gero, ustiategiko hustuketa sanitarioa ez aplikatzeko, gaixotasunean positibo ematen duten animaliak bakarrik hilaz”.