ENBA nekazaritza sindikatuak ohartarazi du behi okelaren sektoreak eta Eusko Labelak bizi duen egoera “kezkagarria” dela, eta ezin direla “begiak itxi”. Elkartearen hitzetan, Atzo Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak “oso datu partzialak” eman zituen, “haragia eta labelak bizi duen egoeraren larritasuna makillatzeko asmoz”.
Barredok adierazi zuen sektorea indartsu dagoela eta erreferentziazkoa dela gaur-gaurkoz. Era berean, Eusko Labela egoera egonkorrean zegoela nabarmendu zuen abeltzain kopurua 450tik gora mantendu eta abelburu kopurua 27.000 ingurukoa delako.
Aitzitik, ENBAk jakinarazi du azken bost urteetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ustiategien kopurua %9 murriztu dela, eta Eusko Label pean diren ustialekuen kopurua %25. Era berean, epe horretan abelburu kopurua igo bada ere (%2), Eusko Label markaren pean dauden abelburu kopurua %14 apaldu da.
Sindikatuak beharrezkotzat jo du Eusko Labelaren inguruko gogoeta sakona egitea abeltzain, kooperatiba, saltoki eta administrazioen artean. ENBAren aburuz, egoera “larri” honen oinarrian abeltzainen errentagarritasun falta dago.
“Eusko Labelak kontsumitzaileen atxikipena eta babesa badu ere, argi dago, Labela bereziki baliogarria dela saltokietarako (nahiz distribuzio nahiz harategientzat) baina ez dela hain baliogarria abeltzainenzat. Labeleko okela ekoizten duten baserritarrek, hemendik kanpo, okela generikoa (kalitate markarik gabea) ekoizten dutenek jasotzen duten prezioaren azpitik ari baitira lanean”, adierazi du elkarteak ohar bidez.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta