• EKONOMIA
  • Eneko Carrión: "Etxebizitza bermatua izan behar da, norberaren egoera ekonomikoa edozein dela ere"

Eneko Carrión: "Etxebizitza bermatua izan behar da, norberaren egoera ekonomikoa edozein dela ere"

Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko tresna bihurtuko da gaurko greba orokorra EHko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidearen ustez

Eneko Carrión Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea | Argazkia: utzitakoa
Eneko Carrión Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea | Argazkia: utzitakoa
IMG 8456
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko azaroaren 11 - 05:30

Etxebizitzaren auzia lehen lerrora igaro da Euskal Herrian, herritarren kezka nagusietako bat bihurtzeraino. Testuinguru horretan, gaurko, azaroaren 11rako, greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herrian. Merkatuan esku hartzea, espekulazioari mugak jartzea eta etxebizitza unibertsalki bermatuko duen eskubide gisa aitortzea dira mobilizazioaren ardatz nagusiak, eta gehiengo sindikalak bat egin du etxebizitzaren aldeko sindikatuekin. Azken horien artean Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista dago, eta Eneko Carrión bertako kidea da. Harekin izan gara egoeraren analisia egiteko eta greba ondorengo borrokaren erronkak mahai gainean jartzeko.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Etxebizitzaren arazoa gero eta presenteago dago gure egunerokoan. Zein da Euskal Herriko etxebizitza-egoeraren diagnostikoa?

Bizi baldintzen kaskartze orokortu bat bizitzen ari gara eta modu orokor batean ulertu behar dugu bizitzen ari garena. Lan baldintza gero eta prekarioagoak dira eta enpleguaren behin-behinekotasunaren igoera ikusten ari gara. Horrekin batera, oinarrizko produktuak gero eta garestiago daude.  Egoera horren baitan, etxebizitzara sarbidea edukitzeko zailtasunak handiagoak dira. Elementu hauek etekinaren logikaren menpe daudela ikusi dugu. Horrek erabat baldintzatzen du jendearen bizi-maila eta, orokorrean, bizi-baldintzak.

 

Zein zailtasun daude etxebizitza bat lortu ahal izateko? 

Arazoa beti egon da, baina formaz aldatu dela ikusi dugu. 2008ko krisian hipotekak zituzten pertsonei eragin zien. Krisi horri aurre egiteko neurri batzuk jarri ziren, baina adabaki batzuk izan ziren. Gaur egun, aldiz, arazoa alokairuekin ikusten ari gara. Etxebizitzaren auziak ez digu guztioi berdin eragiten; sektore batzuk are kolpatuago daudela ondoriozta dezakegu. Hor ikus ditzakegu beren seme-alaben kargu dauden emakumeak, pertsona migratuak edo emantzipatu ezinik dauden gazteak. Egoera ez da homogeneoa eta horri garrantzia eman diogu.

Zergatik egin behar da greba gaur, Azaroaren 11n?

Azkenaldian denok ikusi ditugu zer-nolako arazoak gertatzen ari diren gure kaleetan eta gure inguruan etxebizitzarekin. Etxebizitza ordaindu ezinik dauden familiak ezagutzen ditugu eta etxegabetzeak bere horretan jarraitzen dutela ikusten dugu. Gaur bertan Donostian etxegabetze agindu bat dago eta Gasteizen orain dela aste batzuk etxegabetze bat gauzatu zela ikusi genuen.

"Etxebizitzaren auziak ez digu guztioi berdin eragiten; sektore batzuk are kolpatuago daudela ondoriozta dezakegu"

Gure baldintzen kaskartze horren kontra eta etxebizitza eskubidea izatearen alde egingo dugu. Faktore negatiboak ikusteaz gain, zerbaiten alde egin nahi dugu. Etxebizitza bermatu behar da, norberaren egoera ekonomikoa edozein dela ere. Greba honetan mahai gainean jarri da bizitokia izatea eskubidea izan behar duela; hezkuntza edo osasungintza izan daitekeen moduan eta horren alde kalera aterako gara.

Zein dira grebaren aldarrikapen nagusiak?

Hiru aldarri nagusi kaleratu ditugu bestelako eragileekin batera. Lehena espekulatzaileen desjabetzea litzateke. Baliabide ekonomiko gehien dutenak gero eta etxebizitza gehiago metatzen ari dira eta etxebizitza gehiago lortzen ari dira. Jabe handiak gero eta gehiago dira, eta bankuek eta putre funtsek negozio handia egiten dute etxebizitzarekin. Guretzat baliabide horiek desjabetu egin beharko lirateke.

"Greba honetan mahai gainean jarri da bizitokia izatea eskubidea izan behar duela, hezkuntza edo osasungintza izan daitekeen moduan, eta horren alde kalera aterako gara"

Bigarren neurria espekulazioaren debekua litzateke. Dinamika espekulatibo honekin bukatu beharra dago. Benetako transformazio sakonak emateko unea da, eta negozioarekin amaitzen joan behar dugu

Hirugarren neurria planifikazioa izango litzateke. Etxebizitza politikaren erdigunean etekinak daudela ikusten dugu, gutxi batzuen etekinak zehazki. Guk aldarrikatzen dugu etxebizitza politika horien erdigunean langileon behar sozialak egon behar direla. Hau da, etxebizitza politika beharren arabera antolatu behar da eta ez etekinen arabera.

Zein da erakundeen eta administrazio publikoen erantzukizuna egungo egoerara iritsi izateko?

Kalera irteteko beste arrazoi bat da erakunde desberdinek eduki ditzaketen erantzukizunak seinalatzea. Ez bakarrik administrazio publikoa, baita funts putreak edota bankuak ere. Etxebizitzaren eskumenen banaketa oso desberdina da eta gobernu zentralak, autonomia-erkidegoek eta udalek eskumenak dituzte etxebizitzaren arloan esku hartzeko edo, behintzat, neurriak hartzeko. Argi dago erantzun maila desberdina dela, baina hartzen ari diren neurriak ez dira eraginkorrak eta hauteskundeei begira egin dira. Adibide garbiena Maricarmen dekretua izan da. Kalean egon den ezinegon horri erantzuteko zerbait izan da, baina ez du egoera konpondu. Azken hamarkadetan arazoa konpontzeko ez dira errora joan eta neurri partzialak ezarri dira. Etekinak lortzeko eskubidea bizitzeko eskubidearen gainetik dagoela egiaztatu dugu.

Zein neurri hartu behar dituzte administrazio publikoetan egoera aldatu ahal izateko?

Aurretik aipatu ditudan hiru neurriek arazoaren muinera jotzen dute. Kasuan kasu beste neurri batzuk eskatu daitezke: alokairuen prezioen jaitsiera edota soldaten igoera. Horrek familia askoren egoera arindu dezake, baina erdigunean jarri nahi dugu erroko transformazio bat behar dela. 

"Etekinak lortzeko eskubidea bizitzeko eskubidearen gainetik dagoela egiaztatu dugu"

Etxebizitza sindikatuetatik lan asko egin da azken urteetan, baina Maricarmenen auziak etxebizitzaren ardura lehen mailan posizionatu du. Nola aztertu duzue kasu hori?  

Azkeneko hilabete eta urteetan etxebizitzarekiko ardura igotzen ari dela ikusi dugu. Azken Soziometroak ere hori adierazi du eta kezka handitu egin da gizartean. Maricarmenen auzia lehendik zegoen ardura hori mahai gainean jartzeko balio izan du, egoera eztandarazteko. 

Etxebizitza sindikatuontzat egoera ez da berria. Urteak daramatzagu etxegabetzeei aurre egiten. Maricarmenen kasuak garrantzi handia eduki du belaunaldi eta jende askorengan dagoen kezka sozial hori kalera ateratzeko, baina azpimarratu behar da beste kasu bat gehiago dela.

Lan arloko sindikatuen laguntza ezinbestekoa izan da greba antolatzeko?

Edukiaren gaineko adostasun batera heldu gara. Egoeraren analisi bateratu bat egin dugu eta transformazio neurri horiek modu bateratuan azaleratu ditugu. Azpimarratzekoa da edukiaren gaineko batasun bat egon dela eta ez siglen batura huts bat. Gure helburua da gaur lantokiak hustea eta kalea jendez betetzea.

"Etxebizitza sindikatuontzat egoera ez da berria. Urteak daramatzagu etxegabetzeei aurre egiten"

Greba eta gero zein da hurrengo pausoa? 

Guretzat greba ez da helburu bat, tresna bat baizik. Jendearen kontzientzia handitzeko balio izango du. Horrez gain, grebara gerturatzen direnak borrokara batzea nahi dugu, antolakuntza espazioak sortu eta batasun bat sortu. Prozesu baten baitan ikusten dugu mobilizazio hau eta kontuan hartu behar dugu aste batzuetan hauteskundeak datozela. Faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren mamua hor dago eta guretzat horri aurre egiteko aukera bakarra gure auzo eta kaleetan langile mugimendu indartsu bat egotea da. Guretzat greba prozesu horretan ekarpena egiteko unea da, baina hortik aurrera ere lanean jarraitu beharra dago.

Greba deialdia ez da bakarrik Hego Euskal Herrian egingo, Espainiar Estatu osoan ere. Bertan gertatuko dena jarraituko duzue?

Ikusiko dugu testuingurua eta nola gauzatzen den greba eguna bera. Uste dut milaka eta milaka pertsona aterako garela kaleetara. Euskal Herrian egiten dugu lan eta gure lan-esparru nagusia hori da, baina erne jarraituko ditugu beste toki batzuetan ematen diren borrokak. Beste lurraldeetan gertatzen diren gauzek eragina izan dezakete gure eguneroko lanean.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain