• EKONOMIA
  • Nafarroako udalek 146 milioi euro baino gehiago jaso dituzte energia berriztagarriei esker

Nafarroako udalek 146 milioi euro baino gehiago jaso dituzte energia berriztagarriei esker

Enerclusterrek berriztagarriek Foru Erkidegoan duten eragin ekonomikoa eta bestelako datuak biltzen dituen mapa interaktiboa aurkeztu du

Mapa interaktiboaren aurkezpena | Argazkia: Enercluster
Mapa interaktiboaren aurkezpena | Argazkia: Enercluster
2026ko irailaren 30a - 15:22
Eg. 2026ko irailaren 30a - 15:39

Enerclusterrek gaur bertan emandako datuen arabera, energia berriztagarrien azpiegiturei esker 146 milioi euro baino gehiago irabazi dituzte Nafarroako udalerriek; gainera, urtez urte errepikatzen diren 24 milioi eurotik gorako diru-sarrera gehigarriak izaten dituzte. Nafarroako energia berriztagarrien klusterrak azaldu duenez, irabazi horiek udalerrien zerbitzuak eta azpiegiturak mantentzeko zein hobetzeko erabiltzen dira.

 

Datuok berriztagarriei buruzko mapa interaktibo baten bidez ezagutarazi ditu Enerclusterrek. Tresnak azpiegituren eta potentzia instalatuaren datuak ez ezik, enpleguari eta energia-eskaerari buruzko informazioa ere erakusten du, eskualdez eskualde eta udalerriz udalerri, eta aukera ematen du 500 kW-tik gorako instalazioen eragina kontsultatzeko. Mapan ikus daitekeenez, Tutera da potentzia berriztagarri instalatu handiena duen udalerria, Corellak 112 MW fotovoltaiko ditu eta Aguilar de Codés da biztanle bakoitzeko berriztagarri gehien dituen udalerria.

Energiaren sektoreari dagokionez, eolikoa da teknologia nagusia Nafarroan, 1.922 MW instalaturekin, hots, guztizkoaren %74. Eguzki-energiak totalaren %17 suposatzen du, hidroelektrikoak %7,6, eta gainerakoa biomasa, biogasa eta hondakinei dagokie. Instalazio berriztagarriek urtean 1,89 milioi tona CO2 isurtzea saihesten dute, dokumentuaren arabera.

 

Maparen aurkezpenarekin batera, Renovables SÍ - La Energía Más Positiva (Berriztagarriak BAI - Energia Positiboena) izeneko kanpaina ere amaitu da. Azken hilabeteetan, berriztagarriek Nafarroan duten eragina erakusteko sei pertsonaren testigantzak jaso ditu ekimenak: alkate bat, nekazari bat, abeltzain bat, ingurumen-ingeniari bat, energia berriztagarrien teknikaria eta herritarren parte-hartzearen arduradun bat. Ekitaldian testigantzak proiektatu eta protagonistekin solasaldia egin dute.

Argazkia: Enercluster
Argazkia: Enercluster

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain