• EKONOMIA
  • Erregaien BEZa %10era jaitsiko du Espainiako Gobernuak

Erregaien BEZa %10era jaitsiko du Espainiako Gobernuak

Datorren ostegunean bozkatuko dute behin betikoz dekretua Kongresuan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko martxoaren 20a - 12:33

Azken asteetan pil-pilean izan da gaia, eta aurreikuspenen arabera behintzat, Irango gerraren eragin ekonomikoa arintzeko neurri-sorta bat onartuko du gaur Espainiako Gobernuak, zeinak, besteak beste, erregaien BEZa %21etik %10era jaistea planteatzen duen. Proposamena plan zabalago baten parte da, eta Gobernuak ostiral honetan ezohiko Ministroen Kontseilua egin du gaia eztabaidatzeko xedez. 

 

Sanchezek orain arte defendatu du aurkeztutako neurri sortak “gehiengo soziala babesteko” beharrari erantzuten diola, Irango gerrak eragindako inpaktu ekonomikoaren aurrean. Dekretua gaur onartuta ere, datorren astean (ostegunean) bozkatu beharko dute Kongresuan. Lau bloke handitan egituratutako jarduera ugari jasotzen dira planean: egiturazko erreformak, neurri fiskalak, sektore kaltetuenei babesa eta ezkutu soziala indartzea.

Neurrien artean esanguratsuenetako bat zera da: erregaien BEZa %21etik %10era jaistea. Horrek aldaketa ekarriko luke aurreko krisietan aplikatutako politikekin alderatuta. Izan ere, Gobernuak bertan behera utziko luke litroko hobari zuzenaren formula (Ukrainako gerra hasi ondoren 2022an aplikatu zen neurria bezalakoa), eta zergak jaistearen alde egingo luke oraingoan; hain zuzen ere, Gobernuak uste du irtenbide hori arinago aplikatu ahal izango dela.

 

Planak, gainera, energiaren kostua merkatzeko bestelako neurriak jasotzen ditu, baita erregaien garestitzeak bereziki kolpatutako sektoreentzako laguntza espezifikoak ere: nekazaritzarako, arrantzarako, garraiorako eta energiaren industria intentsiborako, esaterako. Egiturazko neurriei dagokienez, Gobernuak energia-trantsizioa bizkortzeko apustua berretsi nahi du, energia berriztagarriak bultzatuz, energia-komunitateak garatuz, autokontsumoa eta elektrifikazioa sustatuz, eta arreta berezia jarriz bero-ponpetan eta antzeko teknologietan. Era berean, kontsumitzaile kalteberak babesteko neurriak ere iragarri ditu Sanchez presidenteak.