• EKONOMIA
  • Tokiko energia komunitate deszentralizatuak sortzeko kanpaina martxan da Euskal Herrian

Tokiko energia komunitate deszentralizatuak sortzeko kanpaina martxan da Euskal Herrian

Auzo eta hirietan ibilgailu elektrikoak partekatzea edota fotovoltaikoak kolektiboki instalatzea sustatu nahi da, besteak beste

Gaztela eta Leonen, Katalunian eta Madrilen ere abian da proiektua | Argazkia: Som Comunitats
Gaztela eta Leonen, Katalunian eta Madrilen ere abian da proiektua | Argazkia: Som Comunitats
2025eko irailaren 24a - 09:49

Energia fosilik gabeko trantsizio energetikoa sustatzea, demokratikoa, deszentralizatua eta tokikoa. Horixe da Euskal Herrian martxan jarri den energia komunitate berriak aktibatzeko kanpainaren helburua, hain zuzen ere. Euskal Herriaz haratago, Som Comunitats izeneko proiektua Madrilen, Gaztela eta Leonen eta Katalunian ere sustatzen ari dira zenbait kooperatiben arteko elkarlanari esker; Goiener da Euskal Herriko ordezkaria.

 

Nahi duten pertsona, erakunde publiko zein enpresek eman dezakete izena ekimenean, 343 udalerritan 343 komunitate energetiko aktibatzea xede izanik. Horretarako, esteka honetako mapan interesekoa den udalerria bilatu behar da, komunitate energetiko horretan izena emateko; pertsona kopuru egokira iristean, topaketa bat antolatuko da toki horretan ekimena martxan jartzeko.

Goienerrek jakinarazi du Euskal Herri mailan dagoeneko energia komunitateen hamahiru kasu arrakastatsu daudela martxan. Zein diren jakiteko mapan “Iragazkiak” botoia erabilita “Komunitate irekiak” kategoria hautatu behar da.

 

“Energia-komunitateen bidez, udalerri edo hiri handiko auzo bakoitzeko pertsonak energia zerbitzuak aktibatzeko eta partekatzeko antola gaitezke, hala nola, fotovoltaikoak kolektibotik instalatuta, ibilgailu elektrikoak partekatuta edo gure eraikinen energia-eraginkortasuna hobetuta, besteak beste”, azaldu dute Som Comunitats proiektukoek.