“Ingurua eta ingurukoak kontuan hartzen dituen ekonomia inklusiboa”. Halaxe definitu du Enpatikonomia terminoa Oarsoaldeako Garapen Agentziak, martxoaren 13an antolatu duen jardunaldia aurkeztean. Doako ekitaldi hori enpresei zuzendutakoa izango da, eta Errenteriako Agustina zentroan egingo da, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 13:45ak bitarte.
“Enpatikonomia jardunaldiak aurten euskara lanean edo enpresan eta komunitatean errotzeko tresna eta bide gisa jorratuko du”, azaldu dute antolatzaileek. Ohartarazi dutenez, urtez urte aurreikusten den atzerriko herritarren gorakadak eragina izango du enpresetan eta gizarteko egituretan, eta euskararentzat ere erronka handia izango da. “Pertsona horiek guztiak gizartean eta enpresetan txertatzeko euskara aldagai giltzarria izan daitekeela aztertuko da jardunaldian”, zehaztu dute. Izan ere, antolatzaileen esanetan, atzerritarrek euskara ikasteak talentua hemen atxikitzea dakar, eta horrek “herritar berriak izateko aukerak handitzen ditu”.
Jardunaldian zehar enpresentzako adibideak erakutsiko dira, “eredu baliagarriak” eta “praktika onak”, eta helburu izango dute parte-hartzaileek hausnartzea eta elkartrukea bultzatzea. Besteak beste, hitzaldia eskainiko dute Arkaitz Fullaondo Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak eta Belen Uranga Soziolinguistikaren klusterreko ikertzaileak, eta hiruzpalau mahai-inguru ere izango dira.