Enplegatu publikoak eta jubilazio partziala

Funtzionarioek ez dute jubilazio partziala hartzeko eskubiderik. Halaber, jubilazio baldintzak aztertzeko, estatutu-izaerako pertsonalaren eta lan-izaerako pertsonalaren egoerak bereizi behar dira

2024an, 64 urterekin eskatu ahal izango lukete jubilazio partziala, 33 urte kotizatu dituztenek | Argazkia: iStock 2024an, 64 urterekin eskatu ahal izango lukete jubilazio partziala, 33 urte kotizatu dituztenek | Argazkia: iStock

Administrazio Publikoetan aldibaterakotasuna murrizteko gauzatzen ari diren egonkortze-prozesuek ondorioak izan ditzakete jubilazio partziala baliatzeko aukerari dagokionez. Edonola ere, jubilazio partzialaz mintzatzean, enplegatu publiko mota desberdinei erreparatu behar zaie, horren arabera egoera desberdinak bereiz baitaitezke. Bada, funtzionarioen, estatutu-izaerako pertsonalaren eta lan-izaerako pertsonalaren egoerak bereizi behar dira.

Funtzionarioek ez dute eskubiderik jubilazio partziala hartzeko

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzazko Errege Dekretuaren, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onestekoaren (EPOELTBaren) 67. artikuluaren arabera, funtzionarioek ez dute eskubiderik jubilazio partziala hartzeko. Izan ere, kontuan hartu behar da uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege-dekretuak ezabatu zuela funtzionarioek jubilazio partziala hartzeko aukera.

Bestalde, arau horren 5. Xedapen Gehigarriak dio Gobernuak Diputatuen Kongresuari aurkeztuko diola funtzionarioek jubilazioa hartu ahal izateko dauden araubide desberdinen azterketa, zeinek jasoko dituen, besteak beste, antzeko ezaugarriak dituzten kolektiboen arteko bereizkeriarik eza bermatzeko gomendioak. Akaso, azterketa horretan esandakoaren ildotik arautu beharko litzateke funtzionarioen jubilazio partzialerako eskubidea. Baina azterketa hori egin ezean, eta funtzionarioen jubilazio partzialerako eskubidea beren-beregi arautu arte, kolektibo horrek ez du aukerarik izango jubilazio partziala hartzeko. Horrenbestez, ezerezean geratzen da, esaterako, abenduaren 1eko 11/2022 Legearen, euskal enplegu publikoari buruzkoaren, 30. Xedapen Gehigarriak funtzionarioei aitortutako eskubidea jubilazio partziala hartu ahal izateko.

Estatutu-izaerako pertsonalak baldintzatua du jubilazio partziala hartzeko eskubidea

Abenduaren 16ko 55/2003 Legea, osasun-zerbitzuetako estatutu-izaerako pertsonalaren esparru-estatutuari buruzkoa, adibide gisa hartuta, argiro ondoriozta daiteke pertsonal horrek baldintzatua duela jubilazio partziala hartzeko eskubidea.

Horrela, 26.4 artikuluaren arabera, pertsonal horrek jubilazio partziala hartzeko aukera izan dezan behar-beharrezkoa da kasuan kasuko autonomia-erkidegoan eskumena duten organoek horretarako mekanismoak ezartzea, giza baliabideak antolatzeko plan baten ondorioz. Hori dela eta, horrelako mekanismorik izan ezean, pertsonal horrek ez du eskubiderik izango jubilazio partziala hartzeko. Hori berori ezarri du jurisprudentziak ere (denen artetik, 2014ko martxoaren 3ko AGE, 4. Salakoa, db. errek. zk. 1287/2013, 5. Z.O.).

26.4 artikuluaren arabera, pertsonal horrek jubilazio partziala hartzeko aukera izan dezan behar-beharrezkoa da kasuan kasuko autonomia-erkidegoan eskumena duten organoek horretarako mekanismoak ezartzea, giza baliabideak antolatzeko plan baten ondorioz

Osasun-zerbitzuetatik at, estatutu-izaerako gainerako enplegatuen kasuan ikusi behar da aplikagarri zaien arauak dioena.

Lan-izaerako pertsonalaren baldintzak jubilazio partziala hartzeko

Printzipioz, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzazko Errege Dekretuaren, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bategina onestekoaren (GSLOTBren), 215. artikulua oinarri hartuta, legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileek ez lukete arazorik izan behar jubilazio partziala hartzeko. Horixe da lan-izaerako pertsonalaren kasua.

Dena den, kontuan hartu behar da jubilazio partziala aukera dela. Bestela esanda, enplegatuek ezin diote, besterik gabe, Administrazioari ezarri eta Administrazioak ere ezin du alde bakarrez bultzatu. Hala ondorioztatzen da urriaren 23ko 2/2015 Legegintzazko Errege Dekretuaren, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onestekoaren (LELTBren), 12.4.e artikulutik. Jurisprudentzia ere argia da horretan (denen artetik, 2022ko ekainaren 1eko AGE, 4. Salakoa, 126/2020 errek. zk.). Horregatik, egokiena negoziazio kolektiboaren bidez adostea da, akordioak ondorio lotesleak izango lituzkeelako (denen artetik, 2023ko martxoaren 29ko AGE, 4. Salako, 2322/2020 db. errek. zk.).

Kontuan hartu behar da jubilazio partziala aukera dela. Bestela esanda, enplegatuek ezin diote, besterik gabe, Administrazioari ezarri eta Administrazioak ere ezin du alde bakarrez bultzatu

Normalean, jubilazio partziala hartu nahi izaten da legeak erabateko jubilazioa hartu ahal izateko ezarritako adin arrutaren aurretik. Horregatik, jubilazio partzialaren modalitate horri helduko diogu jarraian. Hala ere, posible da, derrigorreko jubilazioa dagoenean izan ezik, legeak erabateko jubilazioa hartu ahal izateko ezarritako adin arrunta bete ondoren ere lanean jarraitzea baina jubilazio partziala hartuta, hau da, lanaldia %25 eta %50 artean murriztuta. Gainera azken kasu horretan Administrazioak, enpresaburu gisa, ez luke zertan errelebu-kontraturik egin behar beste langile batekin.

Kasurik ohikoenari dagokionez, kontuan hartu behar da jubilazio partziala hartu nahi duen langileak kontratua indarrean izan behar duela Administrazioarekin, legeak erabateko jubilazioa hartu ahal izateko ezarritako adin arruntera heldu arte. Behin baldintza hori beteta, beharrezkoa da, berebat, langileak legeak ezarritako adina izatea, kotizatutako aldien araberakoa izango dena. Esaterako, aurten, 2024an, 64 urterekin eskatu ahal izango lukete jubilazio partziala, 33 urte kotizatu dituztenek, eta 62 urte eta 6 hilabeterekin 36 urte edo gehiago kotizatu dituztenek. Halaber, beharrezkoa da Administrazio Publiko berean 6 urteko antzinatasuna izatea justu jubilazio partziala eskatzeko unean eta jubilazio partziala hartzeko unean 33 urte izan behar dira kotizatuta, kontuan hartu gabe aparteko pagen zati proportzionala. Desgaitasuna duten pertsonen kasuan, 25 urte izan behar dira kotizatuta. Antzinakotasunari dagokionez, oso garrantzitsua da zerbitzu-itzultze kasuetan, hau da, Administrazioak aurretiaz enpresa pribatuen bidez kudeatzeko kanporatu zituen zerbitzuak berreskuratzen dituenean, kontuan hartzea, LELTBren 44. artikuluko enpresa-ondorengotza badago, aurreko enpresa batean izandako antzinakotasuna ere zenbatu behar dela.

2024an, 64 urterekin eskatu ahal izango lukete jubilazio partziala, 33 urte kotizatu dituztenek, eta 62 urte eta 6 hilabeterekin 36 urte edo gehiago kotizatu dituztenek

Baldintza horiek beteta, jubilazio partziala hartu nahi duen langileak lanaldia murriztu behar du %25 eta %50 artean, bai eta %75era arte ere, baldin eta Administrazioak errelebuko langilea finko gisa kontratatzen badu. Izan ere, Administrazioak errelebuko langile bat kontratu beharko du, gutxienez, jubilazio partziala hartu duen langileak bete gabe utzitako denbora betetzeko. Era berean, errelebuko langilearen eta jubilazio partziala hartu duen langilearen kotizazio-oinarriak bat etorri behar dira hurrengo esanguran: errelebuko langilearen kotizazio-oinarriak ez dira izango jubilazio partziala hartu duen langilearen kotizazio-oinarrien batezbestekoaren %65 baino txikiagoak, kotizazio-oinarri horiek izango direla jubilazio partzialari dagokion pentsioaren oinarri arauemailearen azken 6 hilabeteetakoak.

Finkotasunik gabeko iraupen mugagabeko enplegatuen egoera

Kontuan hartu behar da, jurisprudentziak ezarritakoarekin bat etorriz, enplegatu publiko hauek aldi baterako langile gisa hartu behar direla (denen artetik, 2018ko apirilaren 2ko AGE, 4. Salakoa, 27/2017 errek. zk.). Aldi baterako enplegatu izan arren, Administrazio Publiko askotan, orain arte ohikoa izan da urte luzez egotea zerbitzuak ematen, kasuan kasuko oposizioak edo egonkortze-prozesuak ez deitzeagatik.

Aitzitik, Europar Batasunaren Auzitegiaren epaiek ezarritakoaren ildotik, azken aldian gauzatzen ari diren egonkortze-prozesuen ondorioz, ezinbestekoa da enplegatu publiko horien jubilazio partzialaren inguruko gogoeta gauzatzea eta kasuan kasuko neurriak hartzea. Hain zuzen ere, horixe da Administrazio Publikoetan gauzatu beharreko negoziazio kolektiboetan ahalik eta adostasunik handiena lortzearen garrantzia.

Aldi baterako enplegatu izan arren, Administrazio Publiko askotan, orain arte ohikoa izan da urte luzez egotea zerbitzuak ematen, kasuan kasuko oposizioak edo egonkortze-prozesuak ez deitzeagatik

Hurrean ere, egonkortze-prozesuen ondorioz, egoera desberdinak bereizi daitezke kolektibo horren inguruan. Kasuan kasuko prozesua gaindituz gero, funtzionario bihurtuko dira eta, arestian azaldutakoaren arabera, ez dute eskubiderik izango jubilazio partziala hartzeko. Haatik, prozesuak gainditzen ez dituztenak lanposturik gabe geratzen dira, eta, beraz, baita jubilazio partziala hartzeko eskubiderik gabe ere.

Orobat, bi egoera horiek ondorioak dituzte errelebuko langileengan ere, horien lan-kontratua aldi baterakoa denean. Bi kasuetan lan-kontratua azkendu behar zaie. Horregatik, aukera izanez gero, komenigarri da errelebuko langile horiek ere parte hartzea kasuan kasuko egonkortze-prozesuetan.

Hori guztia dela eta, antolatzeko egon daitezkeen egonkortze-prozesuak aintzat hartu eta zentzuz jardun beharko litzateke, segurtasun juridikoaren eta interes orokorraren mesedetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK