• EKONOMIA
  • Enplegu arloak eta Industria Planak garrantzia izango dute 2027ko Jaurlaritzaren politiketan

Enplegu arloak eta Industria Planak garrantzia izango dute 2027ko Jaurlaritzaren politiketan

Gobernantza departamentuaren lehentasuna izango da administrazioaren eraldaketa sendotzea

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, atzoko agerraldian | Argazkia: Irekia
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, atzoko agerraldian | Argazkia: Irekia
2026ko azaroaren 3a - 11:21
Eg. 2026ko azaroaren 3a - 11:35

Jaurlaritzako sailek norbere arloko aurrekontuen aurkezpenekin jarraitu zuten atzo arratsaldean. 

 

Ekonomiaren lehentasuna: "pertsonen zerbitzura dagoen politika ekonomikoa"

Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila izan zen lehenik. Mikel Torres Lehendakariordeak zuzentzen duen sailaren aurrekontua 1.338.141.000 eurokoa izango da, 2026koa baino %5,68 handiagoa. Torresek berak azaldutakoaren arabera, hiru lehentasun nagusi dituzte: hazkunde ekonomikoari eustea eta bultzada ematea, herritarren oinarrizko beharrei erantzutea, eta enplegua eta lan baldintza duinak sortzen laguntzea. Zentzu horretan, "pertsonen zerbitzura dagoen politika ekonomikoa egitean" jarri dute fokuan, kalitatezko enplegua sortu, desberdintasunak murriztu eta pobreziari eta bazterkeriari aurre egiteko jarduerei lehentasuna emanda. 

Guztizkotik 700 milioi euro Diru sarrerak Bermatzeko Sistemarako izango dira, eta 514 milioi enplegu eta inklusio arlora, pobreziari aurre egin asmoz. Lanbidek, berriz, 1.191,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta foku nagusien artean izango ditu langabeziako prestazioak eta subsidioak ohiko kudeaketan sartzea edota Enpleguari buruzko Euskal Legetik eratorritako tresnak garatzea, tartean tokian-tokiko planak zabaltzea. Langabeziaren beherakada sustatzen jarraitu nahi dute, eta Gizarte Segurantzan kotizatzen duten pertsonen kopuruak gora egitea. Horren baitan, laneratze eta gizarteratzeko zuzkidura 3,68 milioi eurokoa izango da, tartean proiektu berritzaileak sustatzeko zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko edota Inklusiorako Euskal Sistemaren egituraketan pausoak emateko. 

 
20261102 Ogasun Ekonomia sailburua3
Ekonomia, Lan eta Enplegu saileko 2027ko aurrekontu proiektuaren aurkezpena | Argazkia: Irekia 

Lan eta Gizarte Segurantza arloarentzat, berriz, 131,2 milioi euro izango dira, eta elkarrizketa soziala bultzatzen jarraitu nahi dute. Horren baitan, Soldata Arrakalaren aurkako III. Plan Operatibora 440.000 bideratuko dira, aurreko urtean baino % 10 gehiago.

Osalanen kasuan, 20,29 milioi euroko aurrekontua izango du, eta bere lehentasunen artean izango da Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2027-2032ko Euskal Estrategia lantzea.

Gizarte Ekonomiaren arloko zuzkidura 8,96 milioi eurokoa izango da, horren baitan Gizarte Ekonomiako Sailarteko II. Plana garatu eta Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank ere laguntzeko.

Ekonomiaren arloan, koiunturaren eta egiturazko erronken azterketak egiten jarraituko du sailak, baina aurreikuspen eredu beriak txertatu nahi ditu. Horrekin batera, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren justifikazioa eta likidazioa amaitzea egokituko zaio. 

Azkenik, Eustatek 18,68 milioi euro jasoko ditu, eta lehentasun izango ditu 2027-2030 Plan Estrategikoa garatzea, aldi bereko Euskal Estatistika Plana osatzea eta datu katalogo bat abian jartzea.

Industria: enpresak lehiakortasunean laguntzeko bideen bila

676,1 milioi euro izango ditu aurten Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak. %6 handitu dira Jaurlaritzaren ekarpen propioak, baina aintzat hartu behar da iaz arlo honek partida berezi bat izan zuela Eraldatuz programa bultzatzeko, eta gainera MRR funtsak amaitu egin direla. Aldi baterako diru injekzioa izan zen, aurten edukiko ez duena, eta beraz, aurten proiektuekin aurrera jarraitu beharko du hori albo batera utzita.

Euskadi 2030 Industria Plana zabaltzea, eta euskal industriaren lehiarako gaitasuna indartzea izango ditu lehentasun. Ibilbide orri bat ezarri nahi dute, halaber, industriak jauzi kualitatibo bat egin dezan lehiakortasunean, berrikuntzan eta jasangarritasunean.

Mikel Jauregik adierazi duenez, Proiektu Eraldatzaileei bultzada ematen jarraitu nahi du sailak. Legealdi hasieratik 965 milioi euro mobilizatu ditu lerro horrek. Nahiz eta ekarpen nagusia arlo pribatutik egin den, sailak kudeatu ditu.

Era berean, Industria gehiago eta Industria hobea arloek garrantzia izango dute beste urtebetez. Adibide batzuk jarrita, Dibertsifika programara 62 milioi euro bideratuko dira, zeinak bilatzen duen ETEek eta empresa handiek aktibo produktiboetan inbertsioak egitea. Kluster programan 5 milioi jarriko dira, aurten baion %25 gehiago, eta familia ondorengotza prozesuak babesteko eta errotzea bultzatzeko ildo berri bat garatuko dute. Hazitekentzatk, berriz, 137 milioi euro izango dira, eta 25,5 milioi euroko Berrikuntza Funtsa deritzona sortuko da, transferentzia zientifiko-teknologikoa sustatzeko.

Isuri gutxiago egiteko eta ingurumen politikak sustatzeko arloek ere garrantzia izango dute beste urtebetez. Hondakinak ezabatzeko biltegien programak 2,3 milioi euro izango ditu, eta Klima Aldaketara egokitzeko lerroak 28,8 milioi euro, besteak beste uholdeetatik babesteko. Era berean, lurzoruetara proiektu estrategikoak erakartzeko aktiboak erostera 45,9 milioi euro bideratuko dira, 25,1 milioi lurzorua birsortzeko jardueretara eta 6,5 milioi euro industria garapen berrietara.

Gobernantza: 24 milioi euro gehiago, modernizazioa lehentasun

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak 192,4 milioi euro edukiko ditu 2027an. Maria Ubarretxena sailburuak gogorarazi zuenez, 2026ko ekitaldian baino 24 milioi euro gehiago dira. Partida handiena, 140 milioi eurokoa, Administrazio Digitalaren eta Zerbitzu Orokorren sailburuordetzarako izango da, aurreko urtean baino %17 gehiago jasoko duelarik. Haren egiteko nagusia izango da administrazioaren modernizazioa bultzatu eta eraldaketa digitala sustatzea. ArgIA, Jaurlaritzaren AA plataforma, gako izango da bultzada horretan. 

Era berean, DENA atariaren eta NEU euskal zorro digitalaren garapenerako 1,3 milioi aurreikusi dira, herritarrek aukera izan dezaten administrazioarekin noiznahi, nonahi eta nolanahi harremanetan jartzeko. Halaber, beste arlo batzuk ere landuko dituzte harreman digital hori erraztu asmoz.

Bestalde, administrazio elektronikoa indartzeko aurrekontua 12 milioi eurokoa izango da, eta 26 milioi, berriz, zerbitzuen jarraipena bermatzen duten informazio sistemetara. Zibersegurtasuna ere gako izango da, eta 10 milioi izango dira horretarako. Itelazpiren kasuan, hura garatzeko aurrekontua 9,4 milioi eurokoa izango da.

2026 11 02 Presupuestos2027 presentacion
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailaren 2027ko aurrekontu proiektuaren aurkezpena | Argazkia: Irekia

Enplegu Publikoko sailburuordetzaren kasuan, 31,6 milioi euroko aurrekontua edukiko du. 2027an enplegu publikorako hainbat eskaintza egituratu aurreikusi dira, eta horiek egin ahal izateko aurrekontua 2,1 milioi euro handiagoa izango da.

Erakunde Harremanetarako sailburuordetzaren partida 5,4 milioi eurokoa da. Haren lehentasunen artean izango da Gardentasunerako Euskal Agintaritza martxan jartzea, Eusko Jaurlaritzaren lehen Gardentasun Plana egitea, eta Interes Taldeen Erregistroa eta Partaidetza Taldeen Dekretua garatzea.

Azkenik, sailaren zeharkako lerroa izango da autogobernuaren defentsa. 7,8 milioi eurotatik 5,3 milioi defentsa eta segurtasun juridikora bideratuko dira eta 1,6 milioi Euskadiko Aholku Batzorde Juridikora.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain