• EKONOMIA
  • Enplegu Legea onartu du Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak

Enplegu Legea onartu du Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak

Lan sarea sortzea du helburu, eta langabeen soslai profesionalak egitea

Gipuzkoako VI. enplegu azoka | Argazkia: Gipuzkoako Ganbera
Gipuzkoako VI. enplegu azoka | Argazkia: Gipuzkoako Ganbera
2023eko apirilaren 4a

Enpleguaren lehen Euskal Legea onartu dute Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan, eta Legebiltzarreko tramiteen bidea hasi du. Langabeengandik gertuago egon asmoa du Lege berriak, Lanbiden leihatila bakarraeratuta eta langabeen soslai profesionalak eginda. Prozesu burokratikoa eraginkorra bilakatzea du helburu, eta langile kopurua %15 handituko da.

 

Lege berriak eragingo duen aldaketa nagusien artean legoke Lanbideren izaera juridikoa, aurrerantzean zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izango delako. Aldaketa horrekin, tramiteak egiterako orduan arintasuna lortu nahi dute.

Bestetik, 10.000 biztanletik gorako udalerriek enplegu planak izan beharko dituzte, enpleguaren %75 udalerri horietan biltzen delako.

 

Enplegu lege berriak, bestalde, lan eskaintza ez-duinei ezetz esatea erraztuko du. Horretarako, langabezia saria galdu gabe lan eskaintza bati ezetz esateko arrazoiak zerrendatuko ditu, hala nola, lanpostutik oso urrun bizitzea, edota kontziliazioa ezinezkoa izatea.

Lanbidek zuzendu eta aldundiek, udalerriek eta erakunde pribatuek osatuko dute Enpleguaren Euskal Sarea, eta bertan erakunde publikoen zein pribatuen eskaintzak bilduko dira, unibertsitate eta hezkuntza zentroekin.

Azkenik, langabezian dagoenari soslai profesionala egingo dio Lanbidek hiru hilean behin. Bertan gaitasunen diagnostiko bat egingo diote eta baita plan pertsonalizatu bat ere. Hala, langile bila dabilen enpresaren eskaerei hobeto erantzungo zaiola uste du Jaurlaritzak. 2024ko uztailerako, EAEko langabe guztiek aipatutako azterketa egina izatea espero du Lanbidek. Horretarako, %15 handituko du langile kopurua.