• EKONOMIA
  • Enplegua, ekonomia eta etxebizitza dira gipuzkoarren kezka nagusiak

Enplegua, ekonomia eta etxebizitza dira gipuzkoarren kezka nagusiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu duen inkestaren arabera, herritarren %28,1 justu iristen da hilabete amaierara

Irune Berasaluze gaurko aurkezpenean | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Irune Berasaluze gaurko aurkezpenean | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2023ko urriaren 13a - 13:45
Eg. 2023ko urriaren 13a - 13:50

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldearen erronka eta beharrei buruz eginiko azken inkesta aurkeztu du gaur. Enplegua eta ekonomia dira gipuzkoarren kezka nagusiak, hala azaldu du Irune Berasaluze foru aldundiko bozeramaileak. Inkesta telefonoz egin dute, eta 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu dituzte irailaren 21etik 27ra bitartean. Hala, herritarrek batez beste 6,37 puntutan baloratu dute euren egoera ekonomikoa. Inkestatutako %57ak hilabete bukaerara arazorik gabe iristen direla erantzun dute. %28,1k, aldiz, justu iristen direla aitortu du, azken inkestan baino %1,7 gehiagok, hain zuzen.

 

Gipuzkoako ekonomia orokorrari dagokionez, %38,2k berdin jarraituko duela uste du eta %26,5k okerrera egingo duela. Gutxiengoa da hobera egingo duela uste dutenak (%20,4). Halaber, ia gehiengoak (%73,8) inflazioaren fase okerrena oraindik etortzeke dagoela erantzun dute.

Enpleguaren sustapena da kezkarik nagusiena (%36,5). Krisi ekonomikoak (%12,2) eta prezioen gorakadak (%11,9) ere kezkatzen ditu herritarrak. Bestalde, inkestatutako %24k aitortu du etxebizitzari buruzko kezka duela, eta Osakidetzan egin beharreko hobekuntzak ere kezkatzen ditu gipuzkoarrak (%19,4).

 

Berasaluzek zera adierazi du prentsaurrean: "enpleguari buruzko datuek oso positiboak izaten jarraitzen badute ere, eta ongizateari buruzko pertzepzioa nahiko handia bada ere, etorkizunaren inguruko kezkak gora egin duela ikus daiteke, ziurgabetasun globalaren, prezioen igoeraren edo ekonomiaren balizko moteltzearen inguruko berrien ondorioz”.