
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak Enplegu Lege berria izango dute, Eusko Legebiltzarrak hala onartu eta gero. PSE-EEk eta EAJk soilik bozkatu dute alde; EH Bilduk eta Voxek kontra bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos-IU eta PPk abstentziora jo dute.
Lege berriarekin Lanbide organismo autonomo izatetik zuzenbide pribatuko erakunde publiko izatera igaroko da, eta hain zuzen ere hori da oposizioak kontra egiteko arrazoi nagusia, kontrol pubilkotik eskapatu daitekeela argudiatuta. Horrekin batera, Konfekoop momentuz Lanbideko batzordera ez gehitzea ere kritikatu dute. Lehenengoari loturik Idoia Mendia Lan Sailburuak argudiatu du "malgutasuna" emango diola entitateari, kontrol publikotik at geratu gabe. Bigarrenari lotuta, kooperatibak Lanbideren administrazio kontseilura gehitzeko akordioa ahal bezain laster garatuko dutela esan du. Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak iragarritako ohar baten konpromiso hori eusteko eskaera berretsi dio Jaurlaritzari.
Mendiak azaldutakoaren arabera, "diagnostiko eta formakuntza plan pertsonalizatuak" egingo zaizkie langabezian dauden pertsonei, eta Lanbidek hartuko du horretarako ardura. Horrekin "lehiatila bakarraren" erronkari ere heldu nahi dio legeak, eta lan historia bakar eta bateratua izatea pertsona bakoitzak.
Era berean, gobernantza eredu partekatua izango dute udaletxe, aldundi eta Jaurlaritzak. Horiek guztiek bat egingo dute Enplegu Politika Publikoen Euskal Batzordean. Horiek Elkarrizketa Sozialerako Mahaiarekin osatuko dira. Bestalde, enplegu planak egin beharko dituzte udaletxeek.
Enpleguaren Lege berriak lan duinaren definizioa ere jasotzen du, bidezko soldata, segurtasuna, gizarte-babesa, garapen pertsonalerako ikuspegiak, parte-hartzea,
aukera-berdintasuna eta aniztasunaren inklusioa bermatuko dituena.
2010ean eskuratu zituen Jaurlaritzak enpleguari loturiko politika aktiboen eskumenak. Enplegu Lege izena duen lehena da.