Apirilean ohikoa izaten dena baino gorakada handiagoa izan da aurten EAEn enpresen sorrerari dagokionez. Confebaskek hilabetero legez jakinarazi duenez, zehatz-mehatz Gizarte Segurantzan inskribatutako 57.469 enpresa zenbatu dira, martxoan baino 176 gehiago.
Hala ere, aurreko urteko apirilaren aldean enpresa kopurua ia-ia bere horretan mantendu da, 28 konpainia gehiago besterik ez baitaude (+%0,05). Oraindik ere ez da berreskuratu pandemia garaiko zenbatekoa, 2020ko otsailean baino 1.424 sozietate gutxiago (-%2,4) daude eta.
Autonomo kopuruari dagokionez, 2022ko apirilaz geroztik izan den daturik onena erregistratu da, 223 autonomo gehiagorekin; hau da, orotara 166.500 pertsona autonomo daude EAEn (iazko epe berean baino %0,1 gutxiago). Enpresen kasuan gertatzen den moduan, autonomo kopuruak ere pandemia garaian baino baxuagoa izaten jarraitzen du, garai hartan baino %2,2 gutxiago baitira.
Azkenik, hartzekodunen konkurtsoa eskatu duten konpainiak 73 izan dira lehen hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berean baino %11 gutxiagok, alegia.