Gizarte Segurantzan izena emanda duten enpresen kopurua 58.338ra iritsi zen urrian Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, irailean baino 657 gehiago. Urrian inoiz izandako igoerarik handiena da, eta hilabete horretako batezbestekoaren gainetik dago. Iazko urriarekin alderatuta, berriz, 905 enpresa gehiago daude, %1,6ko hazkundearekin. 2007ko uztailetik izandako urte arteko igoerarik handiena da. Datu horiek guztiak Confebaskek eman ditu aditzera gaur.
Pandemia aurreko egoerarekin alderatuta, Bizkaia izan da 2020ko otsaileko enpresa kopurua gainditu duen lehen lurraldea: orduan baino 134 enpresa gehiago ditu, %0,5 gehiago. Araban, aldiz, 278 enpresa gutxiago daude (-%2,9), eta Gipuzkoan 100 gutxiago (-%0,5).
Langile autonomoen kopuruak ere gora egin zuen urrian, 1.065 pertsona gehiago zenbatuta. Hala, 167.629 autonomo daude EAEn, 2018tik urrian izan den daturik onena. Gainera, sei hilabetez jarraian egin du gora kopuruak urte arteko alderaketan, eta %0,9ko hazkundea izan du azken urtean.
Hartzekodunen konkurtsora jo duten enpresa kopuruari dagokionez, 216 enpresak jo zuten prozedura horretara 2026ko lehen bederatzi hilabeteetan, iazko epe berean baino sei gehiagok (%2,9ko igoera). Industriaren sektorean, ordea, %11,5 egin zuen behera kopuruak, eta 46 enpresa izan ziren. Zerbitzuetan 140 izan ziren, iaz baino hamaika gehiago, eta eraikuntzan 28, bi gehiago (%7,7ko igoera).
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta