Enpresak antolatzeko modu berria: DAOak aurkezten

DAOak arau programatu eta garden batzuren bidez kudeatutako enpresak dira, eta ez dute bitartekaririk edo agintari zentralik behar. Egun, 20.000 DAO inguru daude munduan, 29.500 milioi dolar baino gehiagoko altxortegia pilatzen dutelarik

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Internet eta blockchain uztartzerakoan, hots, Web3.0 testuinguruan, DAO (Decentralized Autonomous Organisation) akronimoaz ezagutzen den enpresa eredu berri bat sortu da. Testu honek DAOak aurkeztu nahi ditu eta bereziki, garapen honen inguruko lehen hausnarketa sustatu nahi du. Spoiler moduan bitxikeria bat. Kontrakoa badirudi ere, enpresa teknologiko eta automatizatu hauek, gizakia ahalduntzen dute, demokrazia parte-hartzailea sustatuz.

Zer da enpresa bat

Enpresa, hiztegiaren arabera, industria, merkataritza edo zerbitzuen eskaintza jardueretara zuzendutako antolamendu unitatea da, betiere etekina lortzeko xedez. Etekin asmorik gabeko erakundeak ere badaude, hala nola GKEak edo fundazioak. Oro har, adostasuna dago enpresa bat zer den interpretatzerakoan, mota edozein dela ere, nahiz eta ikuspegi edo alborapen desberdinak egon. Esaterako, ingeniaritza ikuspegitik, sistemen eta prozesuen begiradarekin, enpresa, ekoizpen prozesuak optimizatzeko eta baliabideak modu eraginkorrean kudeatzeko diseinatutako egitura gisa plantea daiteke. Ikuspegi humanistikotik, pertsonen begiradarekin, giza talentua lerrokatzeko eta aprobetxatzeko diseinatutako egitura gisa ulertu daiteke enpresa. Finantza-ikuspegiak, kontabilitate begiradarekin, baliabideen etekina maximizatzeko eta kutxa fluxuak kudeatzeko diseinatutako egitura gisa kontzebitu daiteke enpresa. Ikuspegi komertzial batek, bezeroaren begiradarekin, merkatuan balioa sortu eta produktu naiz zerbitzu lehiakorrak saltzeko diseinatutako egitura gisa uler daiteke enpresa. Ikuspegi eta begirada hauek osagarriak dira euren artean, enpresa bat prozesuek, pertsonek, baliabideek eta bezeroek osatzen baitute funtsean, DAOek bezala.

Nola hartzen dira erabakiak enpresatan

Enpresen kudeaketa eta gobernantzak beharrezkoa du prozesu, pertsona, baliabide eta bezeroen inguruko erabakiak hartzeko sistema bat. Erabakiak hartzeko sistemak modu ezberdinean sailkatu daitezke. Antolakuntza mailan, erabaki estrategikoak, taktikoak edo operatiboak bereiz daitezke. Maila funtzionalean, erabakiak finantza, operazio, giza, merkatu edo teknologia arloetatik bereiz daitezke. Partaidetza mailan, erabaki zentralizatuak edo deszentralizatuak bereiz daitezke. Hemen, erabakiak hartzeko eredu deszentralizatuan, kokatzen dira bereziki DAOak. Ikusiko dugunez, DAOa enpresa mota berri bat da, automatizatuak izateaz gain, gobernantza sistema deszentralizatua duena.

Zer da DAO bat

DAOak blockchain esparruan sortzen dira, eta akronimoak adierazten duenez, Erakunde Autonomo eta Deszentralizatuak dira. Ohiko erakunde zentralizatuetan ez bezala, non prozesuak ez dira nahitaez %100 digitalak eta erabakiak organigramaren eta gobernu-organoen bidez hierarkikoki planteatzen diren, DAOak arau programatu eta garden batzuren bidez kudeatutako enpresak dira, eta ez dute bitartekaririk edo agintari zentralik behar. Horrek, modu autonomoan eta deszentralizatuan funtzionatzea ahalbideratzen du. DAOak, hortaz, Web 3.0 ekosistemaren muina dira. Interneteko kripto-proiektu asko beren DAOen bidez kudeatzen dira. DAOen testuinguruan, antolakuntza kontzeptuak adierazi nahi du, enpresak xede bat eta era berean kriptoaktibo altxortegia duela. Autonomo kontzekptuak esan nahi du giza esku-hartzerik gabe exekutatzen direla zereginak, enpresaren ataza guztiak blockchain batean ezartzen diren programatutako kontratu adimendunen bidez automatizatzen baitira, nola ez, modu gardenean, gertaera bat abiarazten denean. Deszentralizatutzat ulertzen da bere gobernantza, erabaki eredua deszentralizatuan oinarritzen dela, non erabakiak komunitateak hartzen dituen, hau da, DAOko gobernantza-token titularrek, bozka eskubidea erabiliz, bai pertsona bakoitzeko bozka bidez, naiz token bakoitzeko bozka bidez.

Ohiko erakunde zentralizatuetan ez bezala, non prozesuak ez dira nahitaez %100 digitalak eta erabakiak organigramaren eta gobernu-organoen bidez hierarkikoki planteatzen diren, DAOak arau programatu eta garden batzuren bidez kudeatutako enpresak dira

DAO batek, bere funtzionamendu zuzenerako, zenbait elementu behar ditu, hala nola, token bat (enpresan balioa duen kripto txanpona), kontratu adimentsuak (transakzioak blockchain-ean erregistratzeko), komunitate bat (kodea mantendu eta garatzeko), proposamenak sortzeko sistema bat (DAO bera garatzeko), baita erabakiak bozkatzeko sistema bat ere (bozka token bidez egiteko alegia).

Hortaz, DAOek, enpresa digital kontzeptu berri bat azaltzen digute. Azken urteotan kripto alorrean beste eremu batzuek arreta handiagoa lortu duten arren, DAOek garrantzi erabakigarria dute espazio hau gehiago garatzeko, progresiboki deszentralizazio eta antolaketa modu eraginkor eta gardenagoa sustatuz. Nolanahi ere, DAOek abantailak eskaintzen dituzten arren (gardentasuna, automatizazioa, parte-hartzea...), erronka eta arrisku berriak azalarazten dituztela azpimarratzea beharrezkoa da, hala nola, segurtasun teknikoa eta operatiboa, gatazken kudeaketa (plutokrazia, quorum eza...) edo hutsune juridikoa bera, besteak beste, dakarren berritasuna eta izaera globalagatik.

DAO Diseinua

DAOek deszentralizazioaren eta eraginkortasunaren arteko oreka bilatu behar dute. DAO bakoitzaren prozesuak eta funtzionatzeko moduak ezberdinak izango dira duten helburuen arabera. DAO bat diseinatu aurretik egin beharreko lehen gauza prozesuak, barne antolaketa eta erabakiak hartzeko eredua finkatzea da. DAO batetan atazak automatikoki exekutatzen diren arren, pertsonek badute zer esana. Normalean hiru erabiltzaile mota bereizten dira, garatze talde nagusikoak, garatzaile indibidualak eta gobernantza-token titularrak. Barne antolaketari dagokionez, egitura tradizional eta monolitikoagoa zuten DAO 1.0 eredutik, DAO 2.0 eredura eboluzionatzen ari dira, egitura modular, ireki eta gardenagoa azalduaz eta bide batez, espezializazio eta eskalagarritasun handiagoa ahalbidetuz. DAOek sarritan ez dute administratzaile formalik. Era berean kideak iraupen laburra izan dezakete, sartu eta berehala alde egin dezaketelako. Hori dela eta, gero eta DAO gehiagok "banatutako adostasuna" bidez kudeatzen dira, hau da, erabakiak hartzeko bozkak batzen dituzten kontratu adimentsuen bidez.

DAOek deszentralizazioaren eta eraginkortasunaren arteko oreka bilatu behar dute. DAO bakoitzaren prozesuak eta funtzionatzeko moduak ezberdinak izango dira duten helburuen arabera

DAO baten beste funtsezko elementua, erakundea bizirik mantentzen laguntzeko, bere altxortegia da. Altxotegiak iturri eta erabilera asko izan ditzake, hala nola, funtsak biltzea, sariak ematea, diru-laguntzak banatzea edo inbertsioak gauzatzea. Batzuetan, DAO baten altxortegia, batzorde bati egotzitako sinadura anitzeko zorro baten bidez kudeatzen da, transakzioak baimendu ahal izateko modu partekatu batetan alegia.

DAO adibideak

DAOek antzekotasunak dituzte euren artean, baina baita berezitasunak ere. DeepDAOren arabera, 20.000 DAO inguru daude munduan, 29.500 milioi dolar baino gehiagoko altxortegia pilatzen dutelarik. Gutxi gorabehera 10 milioi DAO gobernu-token jabe daude, horietatik 3 milioi bozka emaile aktiboak direlarik. 33 DAOk 100 milioi dolar baino gehiagoko altxortegia kudeatzen dute, horietako batzuk dozenaka mila milioi dolar kudeatzen dutelarik.

DAOen xedea ere anitza da. Esaterako, badaude gobernantza deszentralizatua sustatzen duten DAOak, finantzaketa deszentralizatuak ahalbidetzen dituztenak, ingurune ala proiektu sozialak garatzen dituztenak, finantza aktiboak kudeatzen dituztenak, kode irekiko proiektuak garatzen dituztenak, edukiak ekoiztu eta banatzen dituztenak, identitate digitalaren sistema deszentralizatuak kudeatzen dituztenak, I+G sustatzen dutenak, hezkuntza-ekimenak koordinatzen dituztenak edo entretenimendu jokoetan aktibo digitalen kudeaketa ahalbideratzen dutenak ere. Horrez gain, DAO bakoitzak erabiltzen dituen koordinazio (Discord, Snapshot) eta gobernantza tresnak (Gnosis Safe, DAOStack...) ere desberdinak izan daitezke, baita beraien tipologia (protokoloa, zerbitzua, inbertsioa, soziala...), konpentsazio tresnak (sariak, aholkuak...), finantzaketa iturria (token salmenta, bazkideen ekarpenak, inbertitzaileak...) ala kalte-ordainak (sariak, aholkuak...) ere. Bitcoin da ezagutzen dugun lehen erakunde autonomo deszentralizatua, helburu bat duena (P2P ordainketa deszentralizatuak), modu autonomoan exekutatzen dena (bere protokolo eta blockchain bidez), modu deszentralizatuan gobernatzen dena (PoW adostasun mekanismoaren bidez), bere konpentsazio sistema propioa duena (meatzariei sariak) eta baita balioa duen kripto txanpon propioa duena (bitcoin).

Edonola ere, oraindik DAOen hastapen fasean gauden arren, arreta akademikoa eta enpresariala bereganatzen ari diren kasu errealak ikusten hasiak gara. Besteak beste:

Ethereum Name Service (ENS) Ethereum sareko domeinu-izen sistema deszentralizatua (URL) kudeatzen du. ENS tokenen jabeek eguneratze eta hobekuntzei buruzko bozka emateko eskubidea dute, eta erabakiak automatikoki gauzatzen dira kontratu adimendunen bidez.

Compound Finance DeFi protokoloa da, interesak irabazteko edo kripto-aktiboak maileguan hartzeko aukera ematen duena. Compound-en gobernantza COMP token jabeen esku dago, protokoloan aldaketak egiteko proposamenak bozkatzen dituztenak.

MakerDAO kriptomoneta egonkorren jaulkipen eta mailegu sistema eskaintzen du. MKR tokenen jabeek gobernantzan parte hartzen dute, interes-tasei eta beste parametro batzuei buruzko erabakiak hartzen dituztelarik.

Uniswap kriptomoneta trukaketarako protokolo deszentralizatua da. UNI token jabeek protokoloaren aldaketak proposatu eta bozkatu ditzakete.

MolochDAO, Web3.0 azpiegiturak garatu eta proiektuak ahalbideratzeko altxortegia bildu eta banatzeko xedea duena DAOa da.

Aragon DAOak sortu eta kudeatzeko aukera ematen duen plataforma da. Baliabideak kudeatzeko, erabakiak hartzeko eta gobernatzeko tresnak eskaintzen ditu, erakundeei modu autonomoago eta deszentralizatuagoan jarduteko aukera emanez.

Colony erakunde deszentralizatuak eta holokratikoak sortzea ahalbidetzen duen plataforma da. Kideek ekarpenak egin, bozkatu eta sarituak izan daitezke euren ekarpenen arabera, egitura horizontalagoa sustatuz.

Aave DeFi mailegu-protokolo bat da, kriptoaktiboak eskeini ala maileguak eskatzeko aukera ematen duena. Gobernantza AAVE token jabeen esku geratzen da.

Polkadot, ohiko zentzuan DAO ez bada ere, gobernu eredu deszentralizatu bat erabiltzen du eta DOT token jabeek erabakiak hartzeko bozka prozesuetan parte har dezakete.

Adibide hauek blockchain ekosistemako DAOen aniztasuna erakusten dute, bakoitza bere ezaugarri eta berezitasunak bait ditu. Nabarmentzekoa da DAO espazioa oso dinamikoa dela eta etengabe garatzen ari dela berrikuntza eta garapen iraukorrekin.

Nola eragingo digute DAOek egunerokotasunean

Orain zatirik dibertigarriena, DAOek pertsona, enpresa eta administrazio publikoan nola eragingo duten pentsatzea.

Pertsona garen heinean, batez ere token titular rolarekin, bozketa prozesu gardenagoetan eta ez hain burokratikoetan parte hartu ahal izango dugu. Gero eta kritikoagoak eta zorrotzagoak izango gara mota askotariko parte-hartze prozesuekin. Ez gara konformatuko bozka eman eta emaitzan sinestearekin. Kontran, gardentasun estandar altuak exijituko ditugu, botoaren emaitza bermatzen dutenak, baina baita jokoan dauden baliabideen esleipena ziurtatzen dutenak ere. Erabakiak hartzeko partaidetza aktiboak pertsonen motibazioa, konexioa, konfiantza eta erakundeekiko inplikazioa areagotuko ditu ziurrenik. Honek demokrazia parte-hartzailea gogorarazten digu demokrazia ordezkatzailea baino.

Erabakiak hartzeko partaidetza aktiboak pertsonen motibazioa, konexioa, konfiantza eta erakundeekiko inplikazioa areagotuko ditu ziurrenik

Enpresa eta administrazio publikoentzat, erabakiak hartzeko prozesuak automatizatzeak, erabakitze prozesuen eraginkortasuna, abiadura eta gardentasuna areagotu ditzake. Ez da harritzekoa izango enpresek eta administrazio publikoek apurka-apurka aurrekontuen zati bat DAOren bidez kudeatutako ereduetara bideratzea, zenbait politika eta proiektu ezartzeko. Horri esker, euren komunitatea garatu eta bezero edo herritarrekin harreman estuagoa ezartzeko aukera ahalbidetuko litzateke. Era berean, oztopo geografikoak apurtzeko, urrutiko erabiltzaileengana hurbiltzeko, diaspora esaterako, eta parte-hartze prozesu jakin batzuetan inplikatzeko aukera ere emango liguke.

EuskalDAO, GipuDAO, BilDAO,... irudimenari errematea emanez

Imagina dezagun, jolas moduan, administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Bilboko Udalak adibidez, herritarren parte-hartzea sustatu, eraginkortasun operatiboa areagotu eta aurrekontuen gardentasuna hobetu nahian, demagun, JaurlariDAO, GipuDAO edo BilDAO sortzea erabakitzen duela. Modu sinplifikatuan, aurrekontu esleipen proposamenak biltzeko mekanismoa, bozka sistema eta aurrekontua esleitzeko sistemek osatuko lituzkete DAO hauek. Aurretik, DAO gobernatzeko token bat igorri eta herritarrei banatu beharko litzaieke.

Era berean, EAEko Web3.0 ekosistema garatzeko helburuarekin, arrisku-kapitaleko funts baten funtzionamenduan oinarritzen den DAO bat ere sor liteke, euskalVCDAO adibidez. Edo DAO bat auzo-komunitateak kudeatzeko, KomuniDAO...

Amaiera

Emandako adibideak esajeratuak dira. Partaidetzazko aurrekontuen eredu bat sortzeko ez da zertan blockchain erabili behar. Izan ere, egiten da, nahiz eta kasu horien gardentasun maila zalantzagarria izan. Irudimena sustatu nahi izan dut, irakurleak DAO kontzeptutik enpresa, fundazio, GKE, elkarte, futbol talde, koadrila edo familiaren antolakuntza hobetzeko aukeren inguruan hausnar dezan. Errazagoa suertatzen da enpresa digital batetan ikuskatzea DAOa, baina erabilera kasuak askotarikoak izan daitezke eta pixkanaka aldaketa horretan murgilduko gara. DAO sorrera masiboa urrun dago oraindik. Oztopo teknologikoak, operatiboak eta araudikoak gainditu behar dira besteak beste. Baina pentsatzea aberasgarria eta dibertigarria denez, mundua DAO moduan imajinatzera animatu nahi izan zaitut. Argi geratu al “DAO”?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK