• EKONOMIA
  • Enpresak ikus-entzunezkoen sektorera hurbiltzeko ekimena abian da Araban

Enpresak ikus-entzunezkoen sektorera hurbiltzeko ekimena abian da Araban

Apika elkarteak, SEAk eta Arabako Foru Aldundiak hitzaldi zikloa antolatu dute martxoan zehar

Saray Zarate Arabako Ekonomia Garapen eta Berrikuntzako foru diputatua | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Saray Zarate Arabako Ekonomia Garapen eta Berrikuntzako foru diputatua | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2026eko otsailaren 26a - 13:12

Ikus-entzunezko sektorearen alde apustu berria egin du Arabako Foru Aldundiak, “jarduera ekonomiko gisa finkatzen ari den sektorea dela” iritzita. Araba Filma izena du egitasmoak, zeinak helburu izango duen lurraldeko enpresak ikus-entzunezkoen alorrera hurbiltzea.

 

Hitzaldi ziklo batean datza Araba Filmak, martxoan zehar garatuko dena eta “sektore estrategikoentzako” pentsatuta dagoena: martxoaren 4an ostalaritza, sukaldaritza eta cateringaren sektorea; martxoaren 10ean higiezinak eta ostatuak; martxoaren 17an eraikuntza eta zerbitzu osagarrietako enpresak; martxoaren 24an garraioa eta logistika; eta martxoaren 21ean zerga- eta lan-aholkularitzak. Saioek “ikuspegi praktikoa” eskainiko dute, bai filmaketen premiei buruz, bai produkzio-etxeek eskatzen dituzten zerbitzuei buruz, baita lankidetza “egonkorrak” sortzeko moduei buruz ere.

Ekimena Apika Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkarteak antolatu du SEA Arabako Enpresa elkartearekin lankidetzan. Aldundiak honakoa gaineratu du: “Dibertsifikazio ekonomikoa bultzatu nahi dugu, ikus-entzunezkoen sektorea zerbitzu berriekin konektatu eta lurraldea ikus-entzunezko ekoizpenetarako erreferentzia-gune gisa finkatu”.