Uztailean 397 enpresa berri eratu ziren Hego Euskal Herrian, INEren arabera. Horietatik 333 EAEn kokatu ziren, eta gainerako 64ak Nafarroan. Uztaileko datua iazkoa baino baikorragoa da EAEren kasuan, 2025eko uztailean baino %8,47 enpresa gehiago ireki baitira oraingoan; Nafarroan, aldiz, iaz baino %4,47 gutxiago izan dira konpainia berri bat abiarazi dutenak. Hala ere, bi kasuetan behera egin du uztailean itxi duten enpresen kopuruak: 3 izan dira Nafarroan (iaz 4 izan ziren) eta 96 EAEn (%34,3ko beherakadarekin). Hala, orotara 99 enpresa izan dira deuseztatu direnak.
Itxi duten enpresa gehienak, 58, Bizkaikoak ziren; 25 Gipuzkoan kokatuta zeuden, 5 Araban eta 3 Nafarroan. 72 konpainiek borondatez bukatu zuten euren jarduna, 7k beste enpresa batzuekin elkartu zirelako, eta 20k beste arrazoi batzuk zirela medio.
Sortu diren enpresen kasuan, ohikoa den moduan, sozietate mugatu gisa eratu da gehiengoa, 393, zehazki. Beste 4ak sozietate anonimoak dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta