Ekonomisten Euskal Elkargoaren Marketin Komunitateak egindako lehen diagnostikoak ondorioztatu du marketinak oraindik ez duela autonomia estrategiko handirik euskal enpresa askotan. 100 enpresa baino gehiagoren parte-hartzearekin osatutako azterketaren arabera, zuzendaritzak hartzen ditu prezioei buruzko erabakien %87 eta produktu-zorroaren definizioaren %84. Gainera, enpresen %80k salmenta edo merkataritza saila badu ere, %44k baino ez du marketin sail propioa.
Ikerketak beste hainbat gabezia ere identifikatu ditu. Enpresen %46k marketinerako aurrekontu urria edo hutsala du, eta %32k soberan geratzen diren baliabideekin finantzatzen ditu jarduerak. Era berean, enpresen %33k ez du marketin-ekintzen itzulera neurtzen, nahiz eta %53k haien eragina positibotzat jo. Diagnostikoak ondorioztatzen du marketinaren balioa aitortzen dela, baina oraindik erronkak daudela neurketa-sistemak indartzeko, marketinaren autonomia handitzeko eta kudeaketa merkatura eta datuetara gehiago bideratzeko.