2026ko laugarren hiruhilekoa iritsi da dagoeneko, eta enpresek egin dituzte, berriro ere, euren aurreikuspenak. Laboral Kutxak hiru hilabetero egiten duen inkesta errepikatu du, eta gaur jakinarazi ditu urtearen amaierarako konpainiek dituzten aurreikuspenei buruzko datuak.
Egoera orokorrari buruz galdetzean, soilik %7,9k adierazi du hobera egingo duela; are gehiago, %43,6k okerrera egingo duela uste du. Fakturazioari dagokionez hirugarren hiruhilekoaren antzeko ikuspegia dute enpresek: %29,3k fakturazioa hobea izango dela aitortu du, eta %14,1ek, aldiz, okerragoa. Jarduerari erreparatuta, ordea, gehiengoak (%62,3) ez du aldaketa handirik espero. Prezioei dagokienez ere gehiengoak (%76,5) argi du: ez da aldaketarik egongo; haatik, gutxi batzuk (%5) prezioak txikitzea espero dute.
Errentagarritasunari eta inbertsioari buruzko zenbatekoak ere iragarri ditu Laboral Kutxak. Lehenengo adierazlearen kasuan, %17,3 ezkorrak dira, eta %12,9 baikorrak. Bigarren adierazleari dagokionez, %76,5k ez du aldaketarik espero, baina %12,6k inbertsioak handitzea aurreikusi du. Azkenik, inkesta erantzun dutenen %82,7k enplegua berdin mantenduko dela azaldu du, nahiz eta %11,1ek langile-taldea handitzeko itxaropena izan.
Adierazle horiek guztiak kontuan izanda, Laboral Kutxak enpresarien konfiantza-indizea kalkulatu du: 53,3an kokatu da, aurreko hiruhilekoan (55,1) baino baxuago, alegia. "Indizearen balioa 50etik gorakoa izateak jarduera hedatzen ari dela adierazten du", azaldu du Laboral Kutxak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta