• EKONOMIA
  • Enpresen nazioartekotzea sustatzeko hitzarmena sinatu dute Laboral Kutxak eta Gipuzkoako Bazkundeak

Enpresen nazioartekotzea sustatzeko hitzarmena sinatu dute Laboral Kutxak eta Gipuzkoako Bazkundeak

Txikizkako merkataritza negozioei zuzenduta dago hitzarmena eta lurraldeko enpresa-ehuna indartzea du xede

Javier Zubia (Gipuzkoako Bazkundea) eta Javier Cortajarena (Laboral Kutxa) | Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea
Javier Zubia (Gipuzkoako Bazkundea) eta Javier Cortajarena (Laboral Kutxa) | Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea
2024eko uztailaren 3a
Eg. 2024eko uztailaren 3a

Laboral Kutxak eta Gipuzkoako Bazkundeak lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute gaur. Lurraldeko garapen ekonomikoari laguntzeko egitasmoak babestuko dituzte, bereziki enpresa berriak sustatu eta horien finantzazio beharrei erantzuteko. Halaber, helburua harremanak sendotzea eta Gipuzkoako enpresa-ehuna eta merkataritzako jarduera eta negozioa sustatzea dela jakinarazi dute.

 

Javier Cortajarena Laboral Kutxako merkataritza zuzendariak eta Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko idazkari nagusiak sinatu dute akordioa. Zehazki, Gipuzkoako Bazkundeko enpresa-leihatilako zerbitzuaren erabiltzaile diren ekintzaileei, Berriz Enpresa programan parte hartzen duten negozioei eta, oro har, txikizkako merkataritzari zuzenduta dago hitzarmena.

Gipuzkoako Bazkundearen arabera, produktu espezializatuetan eta balio erantsiko zerbitzuetan abantailak eskainiko ditu akordio honek. Laboral Kutxak arreta zehatza eskainiko die profesionalei eta enpresa txikiei, TicketBai zerbitzua eta Next Generation Funtsen inguruko aholkularitza barne. Gainera, nazioartekotzeari buruzko informazioa eskaintzeko lankidetza adostu dute, International Markets News buletinaren eta Laboral Kutxaren blogaren bidez.