Mundu mailako gastu militarra etengabe hazi da azken hamarkadan, eta goia jo zuen 2025ean. SIPRI Stockholm International Peace Research Instituteren arabera, %2,9 hazi zen 2025ean, guztira 2,887 bilioi dolarrera iritsita; horrela, 11. urtez handitu da, eta inoiz erregistratutako mailarik altuena lortu du, munduko BPGaren %2,5 ordezkatuz. Eskualdeka, gastua %14 igo zen (864.000 milioi dolar) Europan. Gainera, munduko 15 gastatzaile handienen artean dago Espainiako Estatua, munduko gastu militarraren %1,4 ordezkatzen duelarik, 40.2 bilioi dolarrekin, hain justu.
Testuinguru horretan, eta beste gatazka batzuek hauspotuta –genozidioak, gerrak, krisi klimatikoak…–, milaka lagunek urtero desobedientzia zibila baliatzen dute estatuaren gastu jakin batzuei, zehazki gastu militarrari, uko egiteko. Ez da ekintza indibidual isolatu bat. Askotariko kolektiboz osatutako sare zabala du atzean, ikuspegi politiko eta sozial partekatu batek lotzen dituena. Eragozpen Fiskala plataforma ez da erakunde bakar bat, baizik eta hainbat eremutatik datozen kolektiboen aliantza. Auzo elkarteak, sindikatuak, ekologismoarekin lotutako mugimenduak, nazioarteko lankidetzako GKEak, irrati libreak edota antimilitarismoan diharduten taldeak elkartzen dira helburu komun baten bueltan. Denera 25 kidetik gora dira Euskal Herrian.
Pertsona batek bere errenta aitorpenean kalkulatzen du bere zergen zein zati bideratuko litzatekeen gastu militarretara, eta kopuru hori ez ordaintzea erabakitzen du. Horren ordez, dirua proiektu sozialetara bideratzen da
Ignacio Sanzek —KEM MOC Bilboko Talde Antimilitaristako eta Eragozpen Fiskalaren plataformako kideak— azaldu duenez, gerraren aurkako aldarria errenta aitorpenean adierazteko bidea da eragozpen fiskala. “Proposatzen dugun ekintza sinplea da, baina karga sinboliko handikoa. Pertsona batek bere errenta aitorpenean kalkulatzen du bere zergen zein zati bideratuko litzatekeen gastu militarretara, eta kopuru hori ez ordaintzea erabakitzen du. Horren ordez, dirua proiektu sozialetara bideratzen da: tokiko ekimen komunitarioak, elkartasun sareak edo ingurumenaren aldeko proiektuak hautatu eta proposatzen ditugu urtero”.
Sanzek azpimarratzen duenez, “bi mezu bidaltzen dira aldi berean: batetik, estatuaren lehentasun politikoekiko desadostasuna; bestetik, baliabide publikoak beste modu batean erabil daitezkeela erakustea”. Dirua zuzenean jasotzen duten proiektuak askotarikoak dira.
Goranzko joera
Azken urteotako datuak argiak dira. Duela bi urte 300 pertsona inguruk egin zuten bat ekimenarekin, eta azken kanpainan 500etik gora izan dira, proiektu sozialetara 45.000 euro baino gehiago bideratuz. "Ez dakigu zehazki zenbat jendek egiten duen, soilik jakinarazten digutenen datuak ditugu, baina goranzko joera argia da", azaldu du Sanzek.
Eragozpen fiskala ez da gauza berria. “Herrialde anglosaxoietan du jatorria, eta Espainian duela 40 urte hasi zen egiten, NATOren aurkako kanpainen testuinguruan, mugimendu antimilitaristaren eskutik”. Euskal Herrian, ordea, azken 15 urteetan eman du jauzi kualitatiboa: ekologismoarekin lotutako mugimenduak, elkarte feministak, GKEak, ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko sareak, komunikabide alternatiboak eta sindikatuak batu dira, 25 kolektibotik gorako sare bat osatuz”.
Plataforma honek ez du egitura juridiko formalik; aliantza malgu bat da, koordinazio sendoa duena. Historikoki antimilitarismoari lotuta egon bada ere, gaur egun eragozpen fiskalak agenda zabalagoa du. Parte hartzen duten kolektiboek etxebizitza eskubidea, trantsizio ekologikoa, ekonomia bidezkoago baten aldeko borroka edo migrazio politikekiko kritika txertatzen dituzte beren jardunean.
Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean martxan jarri diren bulego fisikoek prozesua erabat erraztu dute Sanzen ustez
“Ez dugu soilik ‘ez’ esaten”, dio Sanzek. “Beste modu batera bai esaten ari gara”. Horrela, eragozpen fiskala tresna politiko hibrido bihurtzen da: protesta da, baina baita alternatibak eraikitzeko saiakera ere.
Izan ere, urtero desbideratzen den diru kopuruak gora egiten badu ere, ez da inola ere foru erakundeei zulo esanguratsua egiteko adinakoa. Bildutako dirua bada, ordea, esanguratsua plataformarekin elkarlanean ibiltzen diren elkarte txikientzako. Beren urteko jardunean inpaktu positiboa eragiteko gai da.
Parte hartu nahi dutenentzat, laguntza praktikoa eskaintzen dute: aurrez aurreko bulegoak —Bilbon, Gasteizen, Donostian edo Iruñean— errenta aitorpena egiteko, baita bideotutorialak eta tailerrak ere. “Azkenean, beldurra galtzea da gakoa”, dio Sanzek. “Askotan etxebizitza baten kenkariak egitea baino errazagoa da”.
Bulegoak, konfiantzaren giltzarri
Hazkunde honen arrazoi nagusietako bat hurbiltasuna da. Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean martxan jarri diren bulego fisikoek prozesua erabat erraztu dute Sanzen ustez. Hitzordua hartuta, herritarrek laguntza teknikoa jasotzen dute beren aitorpenak egiteko.
"Dokumentu pare bat eranstea besterik ez da. Bertatik bertarako artatze horrek konfiantza ematen dio jendeari". Behin urratsa eginda, gehienek errepikatu egiten dute. “Sortuta ditugun bideotutorialek zein herritarren autonomia sustatzeko tailerrek prozesua demokratizatu dute”, nabarmendu du.
Euskal Herriko zerga-sistema propioak testuinguru berezia eskaintzen duela ere ohartarazi du, Ogasun bakoitzak bere modura jokatzen baitu. Bizkaian, adibidez, ez dute zigor edo isunen berri izan orain arte. Objektoreak Ogasunari jakinarazten dio diru hori ez duela gastu militarrerako erabiliko, baizik eta proiektu sozial batera bideratuko duela, eta “Administrazioak maiz ontzat ematen du proposamena, berrikusteko gaitasun faltagatik edo bestelako arrazoiengatik, ez gaude ziur”.
Antimilitarismo hutsaz gain, arrazoi ekologikoak eta sozialak gailentzen ari dira
Hala ere, arriskurik gabea dela esatea ez litzateke zuzena. “Batzuetan, Ogasunak ‘akatsa’ detektatu eta desbideratutako kopurua automatikoki kentzen du, eta horrek ordainketa bikoitza eragin dezake (proiektu sozialari eman zaiona eta Ogasunak kobratzen duena). Beti ematen dugu arrisku horien berri”.
Militantziatik sentsibilitate sozialera
Objektorearen profila aldatuz joan da. Garai batean militanteetara mugatzen bazen ere, gaur egun askotariko jendea hurbiltzen da bulegoetara, 25 urteko gazteetatik hasi eta erretiratuetara, emakumezkoen presentzia nabarmenarekin. Sanzen aburuz, ahoz ahokoa da objektoreen arteko haria. “Gurera heltzen diren lagunen gehiengoa, militanteen profil horietatik harago, norbaitek gomendatuta etorri da. Ezagunen bat, lankidea, bikotea, laguna, senidea… Norbait dute ekimenaren berri ematen diona”. Ahoz ahokoak indar handia omen du sentsibilitate soziala duten pertsonen artean. “Desobedientzia ariketa hau sinplea da eta egiten duen pertsonari asebetetze sentsazio ona uzten dio”.
Euskal Herriak pisu handia du Espainiako Estatu mailan. Kalkuluen arabera, hemen egiten da zerga-eragozpenaren %60 inguru. Gaur egun, ia 30 kolektibok osatutako sareak ematen dio babesa ekimenari. Helburua ez da ekonomikoa, politikoa baizik. Antimilitarismo hutsaz gain, arrazoi ekologikoak eta sozialak gailentzen ari dira. Munduko gatazkek eta genozidioek sortzen duten kezkak eraman ditu asko aurten euren dirua Palestinari laguntzeko GKEetara edo UNRAra bideratzera. Tokiko lankidetza proiektuek ere jasotzen dute zerga-eragozpenaren bidezko babesa.