• EKONOMIA
  • Eraikuntza kostuak %1,1 igo dira urtebetean EAEn

Eraikuntza kostuak %1,1 igo dira urtebetean EAEn

Maiatzean %0,3 handitu dira kostuak, apirilaren aldean

 Material eta ekipo elektrikoen fabrikazio kostua %4,8 hazi da | Argazkia: iStock
Material eta ekipo elektrikoen fabrikazio kostua %4,8 hazi da | Argazkia: iStock
2025eko ekainaren 25a - 11:23

Eraikuntza kostuak nahiko egonkor mantendu dira EAEn maiatzean. Izan ere, apirilaren aldean %0,3 igo dira. Aurreko urteko maiatzaren aldean igoera zertxobait handiagoa da, %1,1ekoa. Datuok Eustat Estatistika Erakundeak argitaratu ditu.

 

Apirilarekin alderatuta, lehengaien kostuak berdin mantendu dira eraikuntzan, baina %1,5 igo dira ingeniaritza zibilean. Aurreko urteko epe beraren aldean, ordea, %0,8 handitu dira prezioak eraikuntzan, eta %2,5 ingeniaritza zibilean. Eskulanaren kostuari dagokionez, egonkor mantendu da (%0,0) hiletik hilera, baina %0,4 igo da urte artean.

Azpisektoreak banatuta, urtebetean prezioek igoera handiena erauzketa-industrien kasuan izan dute, %7,0ko hazkundearekin. Material eta ekipo elektrikoen fabrikazio kostua %4,8 hazi da, eta metalikoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazio kostua %4,1. Kontrara, %6,0 beheratu dira prezioak produktu metalikoen fabrikazioan (makineria eta ekipoak salbu), eta are gehiago, %14,5, koke-lantegi eta petrolio-findegietako lehengaien kasuan.