ELA eta CCOO sindikatuek Gipuzkoako eraikuntzaren sektoreko hitzarmen berria sinatu dute 2025-2028 urteetarako: %3,7ko soldata igoerak adostu dira urte honetarako, baita azken lau ekitaldietako soldaten taulak berrikusketa ere. Horrez gain, 2021. urteaz geroztik egin ez den %0,4ko soldata igoera gehigarria ere izango dute enplegatuek, zeina atzeraeraginezko ondorioekin ordaindu beharko den orain, Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren.
Izan ere, 2021. urtean soldatak KPI +%0,4 igotzea akordatu zen, baina urte hartako KPI negatiboa izan zenez (-%0,5) patronalak %0,4ko igoera ez aplikatzea erabaki zuen. Orain, ELA sindikatuaren arabera kopuru hori 2025eko taulei gehitzea ezinbestekoa da. Urte hartatik pilatutako atzerapenak ordaintzera behartuta daudela gogorarazi du ELAk, soldatak ez ezik, dietak eta kilometrajeak kontuan izanda.
CCOO baikor agertu da akordioarekiko, hitzarmen berriak datozen urteetan langileen erosteko ahalmenari eustea bermatzen duela uste duelako, KPIari lotutako soldata igoerekin. Adierazi duenez, langileek aurten nabarituko dute hobekuntza, %3,7ko igoerari eta atzerapenei dagozkien gehigarriak jasotzean.
Urteko lanaldia zertxobait murriztea ere adostu da: 2028. urterako lanaldia 1.676 ordukoa izango da. Gainera, berdintasunean aurrerapausoak, jazarpenaren aurkako protokoloak, LGTBI+ kolektiboaren eskubideak eta Aldi Baterako Laneko Enpresen (ABLE) erabileraren mugak jasotzen ditu sinatu berri den hitzarmenak. Langileen eskubideak ere indartu dira, enpresen arteko subrogazio kasuetan.