• EKONOMIA
  • Eraikuntzaren sektorean langile falta handia dago

Eraikuntzaren sektorean langile falta handia dago

Enplegua gehien hazi den sektorea da, baina, aldi berean, Lanbide Heziketako eraikuntza ikasketetako plazen %41 hutsik geratzen da interes falta dela eta

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2023ko otsailaren 20a - 16:27

Eraikuntzaren sektoreak burua altxa ezinda jarraitzen du. 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz higiezinen arloan izandako kaleratze eta porrotek sektorea hipotekatu zuten, eta oraindik ez da suspertu. Hala ere, sektore horixe da moteltze ekonomikotik ihes egin eta enplegu gehien sortzen duena. Aurreikuspenen arabera, datozen urteetan 3.500 bat langileren beharra egongo da urtero eraikuntza sektorean.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako datuek erakusten dutenez, aurten 197 soilik izango dira ikasketak amaitu eta titulua lortuko dutenak. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berretsi egin du Eraikuntza zikloetan eskainitako 796 plazetatik 467 bakarrik bete direla, %41a, eta argi uzten duela gazteen artean dagoen interes falta.

Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 2023an eraikuntza sektorea %2,7 haziko da, zifretan islatuta, 211 milioi euro gehiago gehituko zaizkio BPGari , 8.014 milioira iritsi arte. Analisten arabera, bilakaera horren oinarriak higiezinen merkatuan leudeke, hazteko marjina baitu, etxebizitzen erosketan izandako geldialdiaren ondotik oraindik ere eskaintza falta delako. Halaber, eraikinen eraberritzeak eta birgaitzeak gehitu behar zaizkio horri, Europako funtsak iristen hasi baitira etxebizitzen eraginkortasuna hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak 350.000 etxe berritzea aurreikusten du datozen 15 urteetan, diru publikoaren laguntzarekin.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain