Erantzunkidetasuna: neguari ihes egiteko bidea

Kontziliazio hitzaren aurrean, erantzukidetasunak ardurak partekatzeko egiturazko neurriak hartzeko beharra jartzen du mahai gainean

Argazkia: iStock/Asife Argazkia: iStock/Asife

Planetaren alderdi pribilegiatu honetan, gero eta ume gutxiago jaiotzen dira batez beste eta, aldi berean, gero eta handiagoa da gure bizi-itxaropena. Binomio horrek begien aurrean jartzen dizkigun erronkak askotarikoak dira, eta horiek izendatzeko negu demografikoa kontzeptua erabiltzen da maiz. Maizegi. Michel Schooyans filosofo eta teologoa izan zen erabiltzen lehena, munduko populazioa muturreko urritzera gehiegi gerturatuz gero zer jazoko zen azaldu zuenean. Ikuspegi zehatz bat eman nahi zuen, arriskutik hitz egiten zuen eta seguruenik, izendapen egoki eta deigarria irudituko zitzaion. Errealitatea deskribatzeko erabiltzen ditugun hitzak ez dira sekula neutro edo objektiboak izaten: aukeratu egiten ditugu eta, beraz, hautua egiten duenaren subjektibotasuna isuri egiten da berben gainean.

Kalapita zetorkigula iradoki nahi zuelako aukeratuko zuen metafora hori. Batera edo bestera, bide luzea egin du kontzeptuak, eta politika publikoetako aitzin-solasetan ugari jasotzen da. Metafora-langintzan oparoa izan da, gainera: umerik gabeko jende zaharra nagusi den negu tristearen ifrentzua jolas-parkeak mukuru beteko dituen udaberria litzateke. Askoz maiteago dugu udaberria negu gorria baino, noski.

Hitzen subjektibotasunari ihes eginda ere, datuak eztabaidaezinak dira. Defizit naturala —hau da, urteko jaiotzei urte bereko heriotzak kenduta lortzen den adierazlea— negatiboa da Euskal Herrian osoan

Hitzen subjektibotasunari ihes eginda ere, datuak eztabaidaezinak dira. Defizit naturala —hau da, urteko jaiotzei urte bereko heriotzak kenduta lortzen den adierazlea— negatiboa da Euskal Herrian osoan. 2020 urtean jaio baino 12.410 pertsona gehiago hil ziren. Pandemia urte batekoa da datu hori, eta horrek emaitza apur bat desitxuratu dezakeen arren, azken hamarkadetako segidarekin koherentea da.

Arazoaren aurrean non eta nola kokatzen garen alde handia dago, batean, “errudunak” seinalatzen ditugulako eta bestean, berriz, irtenbideak bilatzeko aukera izan daitekeelako. Bigarrenaren alde egin nahi dugu. Jaiotza-tasa jaistea eta bizitza-itxaropena handitzea, biak ala biak, prozesu logikoak dira, gizarte-aldaketa askoren emaitza diren neurrian. Aldaketa horiek lorpen handiak izan dira, eta horietan atzera pausorik egin gabe erronka demografikoari heltzea da gakoa, populazioaren erdia beren eskubideen jabe eginagatik erruduntzat hartu gabe. Osasunean eta bizitza-kalitatearen esparruan izan diren aurrerapenek azaltzen duten zergatik biziko garen, batez beste, gure aurrekoak baino gehiago. Eta emakumeen eskubideetan aurrera egin izanak azaltzen du zergatik ama izatea ez den, garai baten ez bezala, emakume ororen patua.

Kontziliaziotik erantzunkidetasunera

Joera demografikoak garai historikoetako emaitzak dira. Ugalkortasun-tasek behera egin dute emakumeak lan-merkatura masiboki sartu ahala, emakumeena (eta ustez soilik emakumeena) izan den etxeko zaintzaren ardura estali gabe geratu delako. Hitzen erabilera subjektiboaren beste adibide argi bat aurkitzen dugu hor: kontziliatu beharra emakumeen ardura izan da, eta horretara zuzendu dira enpresa-hobariak edota politika publikoak urte askotan. Zorionez, beste hitz batzuk bidea egiten hasi dira aspaldian, eta erantzunkidetasuna maizago agertzen da gaur egun; hau da, ardurak partekatu ahal izateko egiturazko neurriak ezartzen dira.

1980eko hamarkadan langile-kopuru handia zuten herrialde aberatsek pobreenek baino ugalkortasun-tasa baxuagoak zituzten. Eredu ekonomiko tradizionalek ondo azaltzen zuten zergatia: guraso aberatsek diru gehiago inbertitzen zuten seme-alabengan eta, ondorioz, ume gutxiago izatea nagusitu zen, inbertsioa kontzentratzeko eta emakumeen lan-aukerak zigortzen dituen zaintza-kostuak saihesteko. 2000ko hamarkadan, ordea, Estatu Batuetan eta Britainia Handian emakume langileen proportzioa % 17 handitu ondoren, joera hori alderantzikatzen hasi zen. Apurka-apurka, demografiako tauletan gorantz egiten hasi zen ugalkortasun-tasa emakume langile gehiago zituzten herrialdeetan.

'Kontziliatu' beharra emakumeen ardura izan da, eta horretara zuzendu dira enpresa-hobariak edota politika publikoak urte askotan. Zorionez, beste hitz batzuk bidea egiten hasi dira aspaldian

NBER (National Bureau of Economic Research) erakundeak argitaratu berri duen ikerketaren arabera, joera irauli duten herrialdeetan ez da bat-bateko miraririk gertatu, baina inbertsio publiko eta pribatu handiak egin dira diamantearen erpin guztietan. Funtsean, lau gako nabarmendu ziren: lan-baldintzak malguak, gurasotasun aktiboaren aldeko politikak, gizarte-sentsibilizazioa eta hezkuntza eta familia-politika. Norvegian, adibidez, haurtzaindegiak diruz lagundu dituzte legez (2021ean gobernuak 29.726 dolar gastatu zituen haur bakoitzeko), eta guraso-baimena 49 astekoa da.

Inbertsio-publikoa, nahitaezkoa izanik ere, ez da nahikoa. Estatu Batuak atzeko bagoian doaz haurtzaindegietako gastuari dagokionez, haur bakoitzeko 500 dolar baino ez baitira urtean inbertitzen bertan, eta ez dezagun ahaztu ordaindutako amatasun-baimenik ez duen herrialde bakarrenetakoa dela. Gizonek etxeko zaintzan ematen dituzten orduei dagokienez, ordea, errenta-maila bertsuko herrialdeen artean goiko postuetan daude.

Non eragin? Diamantearen erpin guztietan

Mari Angeles Durán soziologoak dioen bezala, “kontziliazioa ez da existitzen, eta hitz horren atzean lan desberdinen teilakatzea da emakumeei eskatzen eta eskaintzen zaiena. Hitzarmen politiko zabala behar da, negoziazio kolektibo bat. Desoreka zuzentzeko zaintza-diamantearen erpin guztietatik eragin beharra dago". Diamantearena ere hautazko metafora da: Shahra Razavi pentsalariak garatu zuen ulertzeko estatuek, merkatuak, familiak eta gizarte zibileko erakundeen arteko elkar eragina dagoela zaintza ekoiztu eta hornitzeko. Alde bakar baten eragiteak ez du auzia konponduko, arazoa egiturazkoa denez gero, egiturazko zuzenketak behar dira.

Emakumeok gizonek baino % 25 gutxiago kobratzen dugu gurean, lan-gaitasunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Eta hala ere, gizonak baino hobeto prestatuta gaudela esaten digute datuek, adibidez, lizentziadunen artean % 55 baitira emakumeak. Zainketen rola ia soilik gure gain dugu emakumeok, seme-alabak eta adinekoak zaintzeko baimenen % 95ekin. Argazki horrek erakusten duena ezin da erronka demografikoari buruzko hausnarketetatik bereizi, jakina, baina aldi berean, ezin da pizgarri ekonomikoetara soil-soilik eraman. Durán soziologoak aldarrikatzen duen hitzarmen handi hori mahai askotan negoziatu behar da, etxekotik hasita. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK