"Eredu zaharkitu batetik XXI. mendeko politika ekonomikora" igarotzeko unea dela dio Otxandianok

EH Bilduko lehendakarigaiak Euskal Herriak "inflexio puntu bat" egiteko aukera duela azpimarratu du, industriari bultzada publikoa emateko

Argazkia: EH Bildu Argazkia: EH Bildu

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak politika ekonomiko eta industrialari buruzko proposamena aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Komunikabideekin izandako gosari batean, Otxandianok "garapen eredu zaharkitu batetik XXI. mendeko politika ekonomiko batera" pasatu behar dela nabarmendu du.

EH Bilduko lehendakarigaiaren arabera, klima aldaketaren testuinguru batean, "ekonomia deskarbonizatu, digital, zirkular eta askoz birbanatzaileago baterantz" jo behar dugun momentuan, herri hau "atzean" geratzen ari da; izan ere, “Europako eta munduko testuinguruan politika ekonomikoen norabide berria eta industriaren aldeko bultzada publikoa gero eta herrialde gehiagoren lehentasuna da”. Halaber, EAEn egiten den politika ekonomikoak garai honetan "zentzurik" ez duela gaineratu du. 

Lehendakarigaiaren hitzetan, "amaitu gabeko proiektuak edo promes itxurako 3D maketak baino ez ditugu aurkitzen". Hartara, adibide gisa jarri ditu AHT, edota, denboran hurbilago dauden Guggenheim Urdaibai eta Lamiakoko ibai azpiko tunela. "Atzean utzi behar da aukerak galtzera eta testuinguru berrira egokitzea zailtzen gaituzten inertziak". Era berean, datozen urteetan, lehentasunak ondo ezartzea "funtsezkoa" izango dela adierazi du.

Gainera, Euskal Herriak "inflexio puntu bat" egiteko aukera duela azpimarratu du, industriari bultzada publikoa emateko. Hala, balio erantsi handiko eta lurraldean ongi errotutako industriadun herrialdea izateko, politika publiko proaktiboa behar dela dio: "Sektore publikoak lidergoa eta izaera proaktiboa izan behar du, tresnak eskuratu behar ditu eta enpresen posizionamendua hobetzeko funtsezko arloetan jardun behar du".

Otxandianok, Eusko Jaurlaritzak "rol protagonista" izan behar duela azaldu du, "lidergo publikoa" berreskuratuz. Hala, Euskaltelen, Gamesaren eta Ibermaticaren kasuak ekarri ditu gogora, besteak beste. "Berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu irmoa egin behar da", azaldu du, "aldez aurretik eta modu estrategikoan lan eginez". Horretarako, ezinbestekotzat jo du zientzia, berrikuntza eta teknologiaren sarea indartzea. Halaber, finantza sistema indartzearen aldeko apustua egin du, "aurrezki publikoa gizarte-beharretara eta inbertsio produktiboetara bideratzeko aukera emango diguna".

Otxandianoren ustez, lan harremanen euskal esparru bat eratu behar da, "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozialari erantzungo dion eta eredu parte-hartzailea sustatuko duen euskal enpresa eredua bultzatzeko".

Errotzea lortzeko tresnen beharra ere nabarmendu du, eta horretarako enpresen parte-hartzeetan inbertituko duen funts subiranoaren beharra funtsezkotzat jo du. Funtsa hornitzeko enplegu BGAEak erabiltzea proposatu du EH Bilduko hautagaiak. Aurrezki tresna hauetan metatutako ondarearen %5 inguru bideratzea proposatzen du koalizioa abertzaleak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK