Erosketa bizkorraren bila

Black Friday eta bestelako kontsumo kanpainek erabat eraldatu dute merkataritza sektorea azken urteotan. Tokiko denda txikiek merkatu berrira egokitzen ikasi behar izan dute

Black Fridayren baitan iruzurrek gora egiten dutela ohartarazi dute kontsumo elkarteek | Argazkia: iStock
Black Fridayren baitan iruzurrek gora egiten dutela ohartarazi dute kontsumo elkarteek | Argazkia: iStock
2025eko abenduaren 8a - 05:30

Azken urteotan, Black Friday bezalako eskaintzek indar handia hartu dute Euskal Herrian. Kanpaina horiek erosketen erritmoa eraldatu dute. Salmentak bizkortzen dituzte, kontsumitzaileen nahi berriak sortu eta denden agenda aldatu. Duela hamarkada bat iritsi zen gurera eta dagoeneko erabat finkatuta dago egutegi komertzialean.

 

Urtero Gabon garaia inoiz baina goizago hasten da. Argiak lehenago pizten dira eta dendetan lehenago ikusten ditugu Eguberriarekin loturiko produktuak. Erosketak egiterakoan kontsumitzaileek zalantza asko izan ditzakete. Non erosi, zer deskontu aprobetxatu eta zer erosi. Online plataformen hazkundeak erosteko ohiturak aldatu ditu. Black Friday eta Cyber Monday bezalako eskaintzak edonon ikusi ditugu sare sozialetan eta webgunetan. Horrelako eskaintzak alde onak ditu prezio lehiakorragoak lortzeko, baina badu bere alde txarra: eskaintza faltsuak egon daitezke, azkar erosteko bultzada sortzen dute eta herri eta hirietako merkataritza kolokan jar dezake.

Bilbao Dendakeko Jon Zaraterekin hitz egin dugu Eguberri garaiko kanpainaren inguruan. Beraientzat Eguberriak “urteko unerik garrantzitsuena dira, urteko fakturazioaren %25 inguru izan baitaiteke Bilboko dendarientzako”.

 

Maddalen Marzol Donostiako Hunky Dory Laboratory dendako arduradunetako bat da. Bertan, perfume eta kosmetika oso zaindua saltzen dute eta beraientzat Eguberri garaia une garrantzitsuena izaten da salmentetan.

Black Friday bezalako deskontuek kontsumo egutegia aldatu dute. Markel Etxeberria EKAko (Euskal Kontsumitzaileen Alkartea) komunikazio arduraduna da eta data honek eragindako aldaketak argi ikusten ditu: “Urteak pasa ahala kontsumitzeko data gehiago aurkitzen ditugu. Duela hamar urte, Black Fridaya ez zen existitzen eta gaur egun Euskal Herrian oso ezarrita dago. Eskaintzaren eboluzioa ikusi da ere, lehen egun bat zen eta orain ia ia hilabete oso bat da”.

Black Fridaya AEBetatik dator eta Maddalen Marzolek ondo gogoratzen du bere ahizpak egindako bidaia batean bizi izan zuena: “Esker Ematearen egunaren hurrengo eguneko eskaintzak izaten dira eta bertan merkatal gune handietan aurreko denboraldietako arropak ateratzen zituzten egun horretarako. Jende guztia korrika zihoan arropa zaharra erosteko”.

Markel Etxeberria (EKA): “Urteak pasa ahala kontsumitzeko data gehiago aurkitzen ditugu. Duela hamar urte, Black Fridaya ez zen existitzen eta gaur egun Euskal Herrian oso ezarrita dago. Eskaintzaren eboluzioa ikusi da ere, lehen egun bat zen eta orain ia ia hilabete oso bat da"

Bilbao Dendakeko dendari gutxik egiten dituzte Black Fridayeko eskaintzak gaur egun. Aldaketa egon da azken urteetan. Black Friday iritsi zenean, komertzio asko hasi ziren eskaintza horiek egiten, baina urteak pasa ahala, dendariei kalte egiten ziela aztertu zuten. Izan ere, Bilbao Dendakeko dendariak konturatu ziren Eguberri kanpaina baino lehen eskaintza handiak egiteak Gabonetako kanpainarako salmentak kentzen zizkietela.

Black Friday bezalako eskaintzen inguruan Marzolek argi du beraiek ez dutela horrelakorik egingo. “Askotan galdetu egin digute ea egingo dugun, baina jada gure bezeroek badakite horrelako deskonturik ezin dugula egin”. Beraien produktua oso berezia da eta deskontuak jartzeko uneak beste batzuk izaten dira beraientzat. Dendatik produktuak aldatzeko garaia dutenean, deskontu bereziak jartzen dituzte, baina hori da urteko une bakarra. “Picassoren koadro batek deskontu bat edukiko balu arraroa egingo litzaiguke; gure dendan antzekoa sentitzen dugu saltzen ditugun produktuekin”, dio Marzolek.

Erosketak denda fisikoetan egiteaz gain, online erosketak egiteko ohitura asko handitu da. Denda txikientzat konpetentzia izan daiteke, baina batzuek tresna hori hartu dute beraien produktuak saltzeko. Marzolek bere dendan erabiltzen du: “Guretzat beste probintzietan saltzeko aukera da, eta Gipuzkoa mailako erosketak ere egiten ditugu. Bezeroak ohikoak izaten dira askotan, batzuetan dendara datoz eta beste batzuetan online erosten dute”. Erosketaldi une garrantzitsu honentzat online erostea bezeroentzako erreserbatzeko modua dela dio. “Askok nahi duten produktua erreserbatzeko deitu egiten digute eta askotan ezin ditugu eskaera horiek bermatu, beraz, webgunearen bitartez egitera gonbidatzen ditugu eta askok ohitura hori hartu dute jada”.

Maddalen Marzol (Hunky Dory Laboratory): “Picassoren koadro batek deskontu bat edukiko balu arraroa egingo litzaiguke; gure dendan antzekoa sentitzen dugu saltzen ditugun produktuekin”

Bilbao Dendakeko dendari batzuk ere online salmenta erabiltzen dute. Bertako dendariei gomendio egiten die Zaratek online bidez saltzeko. “Beste salmenta-erakusleiho bat da dendarientzat. Gizartea eraldatu egin da eta horrekin erosteko modua, beraz, saltoki txikiak ere bertan egon behar dutela uste dugu”, azaldu du. Dendarientzat lan gehiago da online saltzea, baina azkenean merezi duela uste du Zaratek.

Azken urteetan, lurrindegien kate handiak ireki dira Donostiako Erdigunean, eta konpetentzia nabari duten galdetzerakoan, Marzolek argi du bere erantzuna: “Gure lurrinak oso bereziak dira, beraz, denda handietan saltzen diren lurrin eskaintza handia denez, zerbait berezia erosteko beharra sortu dela uste dut. Horren ondorioz, badaude bezero batzuk guregana datozela zerbait bereziagoa erosteko”.

“Bilboko komertzioak indar handia du eta beste herri eta probintzietako jendea dator astebururo bertan erostera”, dio Zaratek. Salgune handiek eragina egiten die, baina gertutasuna eskaintzen dute Bilbao Dendako dendariek.

Jon Zarate (Bilbao Dendak): “Bilboko komertzioak indar handia du eta beste herri eta probintzietako jendea dator astebururo bertan erostera”

Eguberrietarako prest daude dendariak, baita Euskal Kontsumitzaileen Alkartea ere. Beraientzat lan gehien duten unea izaten da Eguberrien osteko garaia. Egiten dizkiguten erreklamazio gehienak online egiten diren erosketekin eta plataforma handiekin erlazioa dute, esaterako, Inditex, Amazon eta horrelako plataformak arazo asko ematen dituzte. Bestalde, hiriko denda txikietatik ia ez zaizkigu erreklamaziorik heltzen. Normalean denda fisikoetan kontsumitzailea gehiago zaintzen da. Horregatik esaten dugu, ahal izan ezkero, gure auzoko eta herriko dendetan erosketak egitea gomendatzen dugu.

Kontsumitzaileentzako gomendioak

Eskaintzekin arazorik ez izateko gomendio batzuk azpimarratu dizkigu Etxeberriak. Erosi behar duguna aurreikustea eta zerrenda bat egitea ezinbestekoa dela adierazi du. “Deskontu oso handiez ez fidatzea eta prezioak alderatzea gomendantzen dugu beti EKAtik”. Azken astean, Espainiako Kontsumo Ministeritzak martxan jarri du eskaintza faltsuen aurkako kanpaina berezi bat. Etxeberriak argi utzi nahi du komertzioek azken 30 egunetako preziorik baxuenari egin behar diotela deskontua. Zaila izaten da lasaitasunarekin erostea horrelako deskontuekin, baina Etxeberriaren arabera “lasaitasunez erostea gomendagarriena da, presak erabaki okerretara eramaten duelako kontsumitzaileari”.