• EKONOMIA
  • Eroskiren irabaziak %33 apaldu dira, zorraren berregituraketak eragindako gastuen ondorioz

Eroskiren irabaziak %33 apaldu dira, zorraren berregituraketak eragindako gastuen ondorioz

Kooperatibak 47 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu 2025ean, eta 6.000 milioi euro baino gehiagoko salmentak egin ditu

Rosa Carabel Eroskiko zuzendaria eta Josu Mugarra finantza arduraduna | Argazkia: Eroski
Rosa Carabel Eroskiko zuzendaria eta Josu Mugarra finantza arduraduna | Argazkia: Eroski
2026ko maiatzaren 6a - 17:21
Eg. 2026ko maiatzaren 6a - 17:40

2025a zorra berregituratzeko urtea izan da Eroskirentzat, eta horrek bere kontu ekonomikoen eragin du. Kooperatibak 47 milioi euroren irabaziekin itxi du iazko ekitaldia, urtebete lehenago baino %33,1 gutxiago. Rosa Carabel Eroskiko zuzendariaren hitzetan, urte “bikaina” izan da, mozkin garbiak apaldu arren, zorraren berregituraketa gauzatzeko gai izan direlako eta guztizko diru-sarreretan 6.000 milioi euroko langa gainditu dutelako (6.081 milioi euro).

 

Carabelekin batera Josu Mugarra Eroskiko zuzendari ekonomiko-finantzarioa izan da 2025eko datuen aurkezpenean. Mugarrak azaldu du kooperatibak "aurrerapausoa" eman duela bere finantza-egoeran eta nabarmendu du inoizko salmenta handienak izan dituztela. “Azaro-abendua aldean egindako zorraren berregituraketak gastu gehigarriak ekarri dizkigu, baina ondo atera da eta pozik gaude”, azaldu du. Gastu gehigarri horiek 60 milioi ingurukoak izan direla argitu du.

2009an 3.506 milioi euroko zorra zuen pilatuta Eroskik, 2025aren amaieran, aldiz, 945 milioi eurokoa da zor hori. Hortaz, 2.558 milioi eurotan murriztu dute kopurua azken hamasei urteetan. Mugarrak azaldu du iaz egindako berregituraketari esker, aurrerantzean 25 milioi euro aurreztuko dituztela interesetan.

 

Josu Mugarra (Eroski): “Azaro-abendua aldean egindako zorraren berregituraketak gastu gehigarriak ekarri dizkigu, baina ondo atera da eta pozik gaude”

Era berean, kooperatibaren ustiaketa kutxaren emaitza (ebitda) 340 milioi eurokoa izan da, 2024an baino zortzi milioi euro gehiago. “Ziklo zorrotz bat itxi dugu, eta negozio sendoarekin itxi ere: gure finantza oinarria normalizatu egin baita, eta hazkunde etapa berriari ekiteko konfiantza berreskuratu dugu”, adierazi du Carabelek.

60 saltoki berri

2025aren amaieran 1.490 saltoki zituen Eroskik orotara, bai Euskal Herrian, bai Espainian, eta horietatik 600 baino gehiago denda frankiziatuak ziren. Azken urtean 60 denda berri ireki dituzte (13 propio eta 47 frankiziatu).

Kooperatibak 28.200 pertsonako lantaldea du, eta horietatik 9.000 langile bazkide dira. Carabelek nabarmendu duenez, langileen %76 emakumezkoak dira, eta ardura postuetan dauden pertsonen %74 ere emakumezkoak dira.

Beste datu bat ere eman nahi izan du Eroskiko zuzendariak: 2025ean 21,4 milioi euroko inbertsioa egin zuten berrikuntzan.

2026: hausnarketarako urtea

Ziurgabetasun handiko 2026a datorrela aurreikusten du Eroskik, nahiz eta Ekialde Hurbileko energia krisiak elikagaien prezioan inpaktu handirik ez duen izan. “Hausnarketarako urtea izango da, aurten amaitzen baitugu gure plan estrategikoarekin”, azaldu du Carabelek.

Aitortu du energia gastuen gorakada eragina izaten ari dela kooperatibaren kostuetan, baina orain arte hornikuntza katean arazorik ez dutela izan gehitu du. Eroskiren aurreikuspenen arabera, elikagaien banaketaren sektorea %4,2 haziko da aurten, eta kooperatibak salmentak “zertxobait” handitzea espero du. Era berean, 71 denda berri irekitzea aurreikusten du, horietatik 12 kooperatibaren beraren jabetzakoak.