
Podemos Euskadik erreforma fiskalaren aurreakordioa adostu du EAJ eta PSE-EE alderdiekin, zeinak ahalbidetuko duen berrikuspena onartzea hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusietan. Gaur egin dute prentsaurrekoa Gasteizen, eta azalpenak eskaini dituzte Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak eta Eneritz de Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak.
Azaldu dutenez, lortu dituzten aldaketei esker 1.038.841 onuradun egongo dira, alegia, biztanleriaren ia %50. Horrez gain, 20.000 euro baino gutxiagoko errentek, zergarik ez ordaintzeaz gain, bueltan jasoko dute alokairu gisa ordaindu dutenaren %35.
Alderdi moreak duela egun batzuk adierazi zuen prest zegoela akordio fiskala hitzartzeko. Taldean barne-kontsulta egin zuten, eta “berdinketa teknikoa” izan zen: %46k akordioaren alde egin zuen, %43k aurka, eta gainerako %11 abstenitu egin zen.