Errege Kopako finalera bai, baina zer preziotan?

60.000 euskal jarratzaile baino gehiago hurbilduko dira Sevillara Athletic animatzera, erdiak baino gehiago sarrerarik gabe

Bilboko kaleak bandera zuri-gorriz beteta | Argazkia: Athletic Club Bilboko kaleak bandera zuri-gorriz beteta | Argazkia: Athletic Club

31 urte pasatu dira Athletic-ek Espainiako Errege Kopa azken aldiz irabazi zuenetik. 1984. urtean zuri-gorriek 1-0 irabazi zuten Bartzelonaren aurka, Endikaren golarekin. Geroztik, Errege Kopako zazpi final jokatu ditu, baina irabaztea lortzerik ez. Athletic 39 aldiz iritsi da Errege Kopako finalera, eta agerraldi gehien egin dituen hirugarren taldea da egun, Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik.

Aurten apirilaren 6an zuri-gorriak Mallorcaren aurka jokatuko dute Errege Kopako finala, 22:00etan Sevillako La Cartuja Estadioan. Bertan, 60.000 Athletic zale baino gehiago elkartuko dira. Jarraitzaile askok penintsula osoa, puntaz-punta, zeharkako dute haien taldea animatzeko, eta 31 urte eta gero, kopa hori berriro ere irabazten ikusteko ilusioz.

Aitzitik, jakina denez, finala Sevillan izateak ez du laguntzen; Sevilla eta inguruetako hotelen prezioak altuak dira, partidurako sarrerak garestiak eta bertara bidaiatzea ere ez da ez merkea ez eta erraza ere. Hala ere, bai Athleticeko, bai Mallorcako jarraitzaileak ez dute amore eman, eta hainbat joan-etorri antolatu dituzte. Mallorcaren kasuan ez bezala, Bilbotik hegazkinez doazenak ez dira asko; hala eta guztiz ere, badira zenbait konpainia, Volotea esaterako, apirilaren 6rako beste ibilbide batzuk gehitu dituztenak Bilbo eta Sevilla artean. Loiuko aireportutik irtengo diren hegaldien prezioak 500€ ingurukoak dira. Baina, esan bezala, beste bide batzuk daude Sevillara joateko, trenez, autobusez edo autoz besteak beste, eta joan-etorri horiek 200 eta 660 euro bitartekoak izango dira.

130 eurogatik Sevillara autobusez

Bidai agentzien eskaintzaz aparte, badaude aurten finalara joateko bidaiak antolatu dituzten beste batzuk. Durangoko Gure Kabiyaren kasua da hori. Taberna horretako jabeek autobus bat betetzea lortu dute. EnpresaBIDEAri azaldu diotenaren arabera, 69 plaza bete dituzte, pertsona  bakoitzak 130 euro ordainduta. Prezioan bidaia eta afari bat sartzen dira. Autobusa apirilaren 6an, larunbata, goizeko 01:00etan irtengo da, eta hurrengo egunean bertan, igandean, goizeko 01:30etan, edo irabaztekotan, 04:30etan bueltatzea dute aurreikusita.

Bestalde, EH Jaiak, kontzertuak, jaiak eta autobusak antolatzen dituen elkarteak, Sevillara joateko 18 autobus jarri ditu, guztira 1067 pertsona alegia. Kasu honetan bi aukera desberdin eman dituzte; alde batetik, joan-etorriko autobusa bakarrik hartzea, eta, beste aldetik, autobusa eta campinga ere hartzea. EH Jaiak-ek jakinarazi duenez, lehenengo aukerak 110-120 euro inguru balio du, eta horrelako 14 autobus joango dira, 802 pertsonekin. Eta bigarrena, aldiz, 200-220€ inguru balio du, eta horietako 4 autobus bideratuko dituzte, 265 pertsonekin.

EH Jaiak, kontzertuak, jaiak eta autobusak antolatzen dituen elkarteak, Sevillara joateko 18 autobus jarri ditu, guztira 1067 pertsona alegia

Itxura batez beraz, autobusez edo bidai agentziek antolatutako bidai baten bitartez joatea erosoena dirudi, baina askok bere kabuz autoz joatea nahiago dutela diote. Kasu horren adibide bat: koadrilla bateko bost lagunen ostiralean kotxe bat alokatu dute eta Bilbotik irtengo dira. Ostiraleko gaua Meridan (Extremadura, Espainia) pasatuko dute, Airbnb batean, eta hurrengo egunean, hots, finaleko egunean, Sevillara ailegatuko dira. Gastuei erreparatuz, kotxea alokatzea 160€ dira, Meridako apartamentuak 140 euroko prezioa du, eta Sevillako parking itxi batean kotxea uzteak 30 euro ingurukoa. Horri guztiari gasolinaren gastua eta peajeak gehitu behar zaizkio, noski; hau da, 178,86 euro gutxi gorabehera. Guztira, bidaia 510 euro ingurukoa izango litzateke, hau da, 102€ pertsona bakoitzeko, bazkariak edo bestelako gastuak kontuan hartu barik.

Sarrera ez edukitzea ez da eragozpena

Beste urteetako datuak ikusita, aurten jarraitzaile gehiago joatea espero da. Izan ere, 2015. urteko Bartzelonaren aurkako Camp Nou estadioko finalean, Athleticeko zaleek 50.000 sarrera lortu zituzten, eta 20.000 pertsonek sarrera barik bidaiatu zuten. 2009. urtean, aldiz, Valentzian 50.000 zale desplazatu ziren baita ere, baina erdia baino gehiago sarrerarik gabe ziren.

2015. urteko Bartzelonaren aurkako Camp Nou estadioko finalean, Athleticeko zaleek 50.000 sarrera lortu zituzten, eta 20.000 pertsonek sarrera barik bidaiatu zuten

Talde bakoitzari 20.698 sarrera eman zaizkio finalerako. Athleticeko sarrerei dagokienez, gizonezkoen lehen taldeko jokalari, teknikari eta langileek 412 sarrera izango dituzte. Horrekin batera, 17.848 sarrera Athleticeko bazkideen artean zozkatu dira, eta 2.850 sarrera taldeko konpromisoetarako gorde dira; hala nola peñentzako, Club Athletic-entzako, animazioarentzako, babesleentzako edota taldearen fundazioarentzako. Sarrerek 40 eta 220 euro bitarteko prezioa dute, gutxi gorabehera euroko kudeaketa-komisio finkoarekin.

Athletic Hiria

Nahiz eta hiru aldiz kokapenez aldatu, Sevillan egongo diren Athletic-eko zaleak partidua ikusteko gune propioa izango dute. Arestian esan bezala, 60.000 euskal jarratzaile inguru hurbilduko dira taldea animatzera, erdiak gutxi gorabehera sarrerarik gabe. Jendetza guzti hori kudeatzea ez da erraza; zale zurigorriak partidaren aurreko orduetan bildu behar dituen zale gunearen aldaketak agerian utzi duen moduan.

Athletic Hiria Torre Sevilla merkataritza-gunetik gertu kokatuko da, Expo ´92 eta Carlos III etorbideen artean hain zuzen ere; 19.600 metro karratuko espazioa da. Azken orduko aldaketak direla eta, Athleticek oraingoz ez ditu baieztatu gunean burutuko dituen ekintzak, baina talde finala jarraituko ahal izateko pantaila erraldoiak jarriko dituztela jakinarazi du. Izan ere, Athletic Hiria guneakk jasan dituen aldaketen arrazoi nagusia partidarako sarrerarik gabeko jarraitzaile ugari espero delako izan da.

Pantaila erraldoiak Bizkaian

Baina badira ere Sevillara joango ez direnak, eta haien taldea hemendik animatuko dutenak. Horretarako, adibidez, Bilboko Udaletxeak hiriburuko auzo desberdinetan zazpi pantaila jarriko ditu; horietako hiru Santutxun, eta bat Iralan, Errekalden, Ugarte Plazan (Otxarkoaga) eta Plaza Barrian. Horrekin batera, San Mamesen partidua ikusteko aukera ere egongo da; bertan gutxienez sei pantaila jarriko dituzte, eta, kasu horretan, bazkideek 5 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek, aldiz, 10€. Baina, Bilboz gain, Bizkaiko beste herri batzuetan ere, hala nola Barakaldon, Muskizen edota Portugalete antzeko ekimenak antolatu dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK