Erretretaren erreformaren aurkako protestak hasi dituzte Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan

Erretreta 62 urtetik 64 atzeratzea nahi du Frantziako Gobernuak. Pentsioen erreforma horrekin, legealdiaren etorkizuna jokoan legoke Macron eta bere gobernuarentzat

Frantzian erretreta erreformaren aurkako hamabi protesta egun izan dira dagoeneko | Argazkia: Europa Press Frantzian erretreta erreformaren aurkako hamabi protesta egun izan dira dagoeneko | Argazkia: Europa Press

Frantziako Gobernuak proposatutako pentsioen erreformaren aurkako lehen protesta eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan. Sindikatu guztiek bat egin dute proposamenaren aurka eta, gaur hasita, greba eta manifestazio ugari deitu dituzte, besteak beste, Gobernuak erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64ra atzeratu nahi duelako.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, protesta nagusiena Baionan egin da. Goizeko 10:30etan abiatutako manifestazioa, azken urteetako jendetsuena izan da. Arratsaldeko 15:30etarako dago deituta Parisko manifestazioa.

Gaurkoa, mobilizazio kate luze baten lehena izan dela ohartarazi dute sindikatuek, harik eta Gobernuak atzera egin eta pentsioen erreforma bertan behera utzi arte. Halaxe gertatu zen 1995ean, Jacques Chira presidente zela. Oraingo protestekin lotuta, garraio zerbitzuan (autobusetan, trenetan, zein hegaldietan), eskola publiko askotan eta osasungintzan eragin nabarmena ari da izaten lanuztea.

Testuinguru honetan, Frantziako Gobernuak “herrialdea ez blokeatzeko” eskatu die herritarrei. Bere komunikazioa inoiz baino gehiago zaintzen ari da, nahigabea areagotu eta protestak areagotu ditzaketen keinuak eta adierazpenak saihestu nahian. Erreformak izango duen erresistentziaren jakitun, Élisabeth Borne lehen ministroak eta bere ministro nagusiek azpimarratu dute pentsioen sistema berrikustea justiziaren neurri bat dela, oreka lortzeko, nahiz eta aitortu erretiroaren adina eta kotizazioen iraupena igotzeak ez diela frantziar guztiei modu berean eragingo.

Izan ere, Macronen erreformaren arabera, erretiroaren gutxieneko adina pixkanaka atzeratu nahi da, 2030rako 62 urtetik 64ra pasaz, eta erretreta saria %100 jaso ahal izateko, kotizazioaren iraupena 43 urtekoa izango da 2027tik aurrera (orain arte 2035tik aurrerarako zegoen aurreikusita neurri hori).

Baina, Bruno Palier politologo eta Parisko Ikasketa Politikoen Institutuko (Sciences Po) ikerketa-zuzendariak dioenez, “Gobernuak konpentsazio-neurri batzuk aurreikusi ditu langile xumeenentzat eta prekarioenentzat, eragina zertxobait arinduko dutenak, hala nola erretiro aurreratua hartzeko aukera lanpostu batzuetan, eta, beraz, klase ertain-baxuak izango dira kaltetuenak».

Frantziako Gobernuaren arabera, erreforma nahitaezkoa da, pentsioen sistemari eustea nahi bada. Proposatutako neurriak hartu ezean, 2030ean pentsioen diru poltsan 12.500 milioiko defizita egongo dela ziurtatu dute erreformaren bultzatzaileek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK