• EKONOMIA
  • Erronka demografikoari "herrialde mailako" soluzioa emateko deia egin du Confebaskek

Erronka demografikoari "herrialde mailako" soluzioa emateko deia egin du Confebaskek

Udako ohiko Kontseilu Nagusia egin du patronalak eta Tamara Yague berretsi dute presidente berri bezala

Gaur goizeko prentsaurrekoa | Argazkia: EnpresaBIDEA
Gaur goizeko prentsaurrekoa | Argazkia: EnpresaBIDEA
2023eko uztailaren 19a
Eg. 2023eko uztailaren 19a

Ohiko Kontseilu Nagusia egin du gaur Confebaskek Bilbon, eta batzarra ostean egindako agerraldian orain arte presidente izan den Isabel Bustoren lekukoa Tamara Yaguek hartuko duela berretsi da. Yague Tecuniko zuzendari nagusia eta Vinci Energies Españako Zuzendaritza Batzordeko kidea da, baita Cebekeko presidenteordea ere 2020az geroztik.

 

Presidente berriak EAEko ekonomiaren inguruko hausnarketa egin du, eta aurten ekonomia aurreikusi baino hobeto doala adierazi du: “prezioak apalduz doaz arlo guztietan, baita energiarenean ere, eta Euskadiko BPGaren hazkunde aurreikuspena, 2023rako, %1’5 inguruan mantentzen da”.

Era berean, Adegik, Cebekek eta SEAk egindako inkesten arabera, euskal enpresa gehienek —hamarretik zortzik— lanpostuei eutsi edota lanpostu berriak sortuko dituztela uste dutela iragarri du presidente berriak. “Nolanahi ere, udazkenean jardueraren nolabaiteko moteltzea espero da, batez ere industriaren arloan, baina egia da ez dugula atzeraldian eroriko garenik aurreikusten”, azaldu du.

 

Confebaskeko presidente berriak euskal enpresen bi kezka nagusi plazaratu ditu: “gauza jakina” den enplegu eskaerei erantzuteko pertsona falta eta enpresen errentagarritasuna, “gehiago saltzen da, baina marjinak estuak dira. Prezioen gorakada orokorra moteltzen ari da, baina oraindik ez dago kontrolatuta”.

Erronka demografikoa eta fiskalitatea

EAEren erronka demografikoa ere izan du hizpide, “herrialde mailako soluzioa emateko beharra” aipatu du, eta Eusko Jaurlaritzak jaiotze-tasa handitzeko onartutako neurriekin bat egiten dutela adierazi du. Dena den, “pertsonak lan egitera erakartzeko estrategia bateratu, adostu eta koordinatu bat edukitzea” premiazkoa jo du. “Hamarkada honetan 140.000 pertsona inguru erakarri beharko ditugu martxan dagoen belaunaldi erreleboa egiteko eta gure enpresen hazkundeari eusteko”, gehitu du.

Halaber, gazteen artean “enpresa eta industria bokazioak” sustatzearen erronkaz ere aritu da presidente berria: "Lehen Hezkuntzako gazteen %25ek eta unibertsitateko gazteen % 55ek euskal enpresen beharretatik urrun dauden graduak aukeratzen dituzte”, kontatu du, eta “deskonexio argia” dagoela adierazi du enpresek eskatzen dituzten profilen eta gazteen interes profesionalen artean, "profil industrialak behar ditugu”.

Fiskalitateari dagokionez, Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen dituen “eskumen fiskalak enpresa lehiakortasuna eta Euskadiren erakargarritasuna indartzeko baliatzea” proposatu du, eta “enpresa gehiago eta zergak ordainduko dituzten pertsona gehiago izatea sustatuko duen fiskalitate bat” behar dela azpimarratu du.

Bukatzeko lau mezu mahaigaineratu nahi izan ditu Yaguek: enpresariari aitorpen sozial handiagoa ematea, elkarrizketa sozialari balioa ematea, emakumeen lidergoa areagotzea eta lankidetza publiko-pribatua sendotzea.