• EKONOMIA
  • Amaitu dira Errotaberri Industrialdea urbanizatzeko lanak

Amaitu dira Errotaberri Industrialdea urbanizatzeko lanak

Erabilera industrialeko 20 partzela berri sortu dira

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko abenduaren 3a - 13:19

Errotaberri industrialdeko 18.500 metro karratuko gune urbanizatu berria aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak Zarautzen. Errotaberri industrialdean 13,6 milioi euroko inbertsioa egin ondoren iritsi da aurkezpen eguna, jada lurzorua urbanizatuta eta enpresa berriak jasotzeko prest baitago.

 

Aurkezpen ekitaldian izan dira Mikel Jauregi Industria sailburua, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Andoitz Korta Industria Sustapeneko sailburuordea, Txaber Ouro Sprilurreko zuzendaria eta Jesus Mari Egaña Beterri Kosta Industrialdeko zuzendaria. Bisitan zehar eskerrak eman dizkiote batak besteari, elkarlanean egindako proiektuagatik. Zarauzko alkatearen "prestutasuna, emandako laguntza eta izandako lankidetza” goraipatu ditu sailburuak, eta aldi berean, Zarauzko Udalak eskerrak eman dizkio Jaurlaritzari eta Sprilurri, industria gune berrian egindako inbertsioagatik.

Jaurlaritzak bisita egin du Errotaberrira
Jaurlaritzak bisita egin du Errotaberrira

Prozesua ez da motza izan, “kudeaketa prozesu luzea baizik”. 2019. eta 2020. urteetan uholde-arriskua saihesteko proiektua egin zuen URA agentziak; ondoren, Errotaberri eta A8 autobidearen gaineko zubia eta herrira sarbidea eraiki ziren, eta, azkenik, lankidetza-akordioak sinatu dira azken urteetan, besteak beste, irisgarritasun-baldintzak hobetzeko. Horrez gain, eragileek “Etxetxo baserriaren behin betiko integrazioa” lortu dute, hasiera batean eraikina eraistea baitzen ideia.

 

Dagoeneko industria gune berriak badu enpresa bat: Hosokawa. Iberdrolarekin ere egin da akordioa, instalatuko diren enpresei argindarra ziurtatzeko azpiestazioa eraikitzeko. Guztira, erabilera industrialeko 20 partzela berri sortu dira eta horietatik 13 dira sustapen publikokoak. “Urbanizazio prozesuari esker industria jarduera eta bizitegi-erabileraren arteko bizikidetza ahalbidetu da”, azaldu du Jaurlaritzak. “Zarautzek behar zuen eta jada badu eskaintzeko lurzoru industriala”, gaineratu du alkateak.