Zedarriak Foroak bere 8. txostena aurkeztu du gaur. Inbertsio pribatua eta parte-hartze publikoa errotzearen erronkaren aurrean izenburupean, tresna publiko eta pribatuen arteko uztartzea "noiz, nola eta zein baldintzatan egin" proposatzen du lanak Euskal Autonomia Erkidegoaren "gaitasun estrategikoak, lehiakortasuna eta errotzea indartzeko".
Azterlanak defendatzen duen ideia nagusietako bat da errotzea ez dela "mugiezintasuna", eta ondo ulertuko bada, lehiakortasunerako ardatz izan behar duela, haren mendeko. Ildo horretatik, zazpi faktore identifikatu dituzte: funtzio estrategikoak kokatzea, aktibo produktibo eta teknologikoetan inbertsio jarraitua egitea, tokiko balio-kateetan integratzea, enplegu kualifikatua sortzea, hornitzaileekin eta ezagutza-zentroekin lankidetzan aritzea, talentua garatzeko konpromisoa, eta sektoreko eta lurraldeko ekosistemetan parte-hartze aktiboa. Bestela esanda, "enpresa batek lotura sendoak izan ditzake lurralde batekin, baldin eta berritzeko, inbertitzeko, talentua erakartzeko, eskala irabazteko, aldaketa teknologikoetara egokitzeko eta nazioarteko merkatuetan parte hartzeko gaitasuna badu".
Sortzen ari dena baliatu
Errotze hori egiazkoa bihurtzeko orain arte eskuragarri izan den "tresna-kutxa" zabaltzen ari dela gogorarazi du Zedarriakek, baita beharrezkotzat jo ere. Tresna horiek ez dira berriak Guillermo Dorronsoro Foroko zuzendariak gogorarazi duenez, industria birmoldatze garaian ere erabili baitziren halakoak, eta hori gutxi balitz "arma horiek berak erabiltzen" dituzte Txinak zein AEBk.
Egun indarra hartzen ari diren erreminten artean dira partaidetza-maileguak, zor malgua, ibilgailu espezializatuak, agindu publikoa duten funtsak, kapitalean zuzenean edo zeharka parte hartzea, eta kapital pribatuarekin batera egituratutako eragiketak. Foroa tresna horien sakontasunean sartzen ez bada ere, bai plazaratzen du, hausnarketa marko orokor baten baitan, aukera berriak zabaltzen dizkiela eragile guztiei: enpresei laguntzen die estrategia, finantzaketa, gobernantza eta lurralde estrategia hobeto txertatzen; inbertitzaile pribatuen kasuan, inbertsio aukerak areagotzen dira; erakundeen kasuan, ardura jartzen die definitutako esparru estrategikoetan aritzeko, zorroztasunaren, gobernantzaren eta jarraipenaren laguntzaz.
Zentzu horretan, Zedarriakek uste du publikoa nolabait sartuko bada, aldez aurretik markoa finkatzea gako dela, eta "selektibitatea, gehigarritasuna, eraginerako orientazioa eta diseinu instituzional ona" ezinbesteko irizpideak direla. Era berean, sektore eta lurralde ikuspegia aintzat hartu behar dituzte halako inbertsioek, tartean potentziala duten sektoreak indartu edo balio-kateak finkatzen laguntzeko. Halaber, txostenak azpimarratzen du partaidetza publikoak zentzu handiagoa duela hura gabe nekez eskuratuko litzatekeen zerbait ekartzen duenean, hala nola inbertsio bat azkartzea edota denbora-muga jasangarriagoa ezartzea. "Apustua izan behar du operazioen diseinu egokia izateko irizpideak garatzea, gobernantza gauzatzea behin operazioa martxan denean, eta amaieran nola atera modu egokian".
Publikoa irteten denean, agur errotzea?
Publikoa enpresa batetik ateratzen den unean arriskua izaten da errotzea desagertzea. Gaiari buruz galdetuta, Dorronsorok adierazi du "problema konplexua" dela. Dena den, bai mahaigaineratu du orain urte batzuk Euskaltel edo Ibermáticako operazioak eman zirenean, ez zeudela "egun garatzen eta indartzen ari diren tresnak". Zedarriakeko zuzendariak uste du "esperientzia batzuetatik ikasteak ahalbidetu duela, hain zuzen ere, orain erreminta indartsuagoak izatea".
Hala ere, egoera ekiditeko modua da, Foroaren ustez, "sektore pribatuan egiten den edozein parte hartze publiko operadore pribatu baten eskutik joatea, epe luzean kudeaketa jasangarria bermatuko duena", pixkanaka-pixkanaka "parte hartze publikoaren tokia hartzen joango dena, formula pribatua berreskuratuta".
Orientaziorako dekalogoa
Operazio pribatuetan publikoak parte hartzeko dekalogoa ere proposatu du Zedarriaken txostenak.
- Helburu estrategiko esplizitu batetik jardutea.
- Finantzaketa publikoa baliabide urri gisa kudeatzea.
- Tresna egokia eta proportzionatua hautatzea.
- Sektorearen, balio-katearen eta ekosistemaren ikuspegiarekin jardutea.
- Etorkizuneko bideragarritasunean eta ahalmen eraldatzailean oinarritzea.
- Inbertsio pribatu osagarria mobilizatzea.
- Errotzeko aldi baterako inbertsioa eta epe luzeko kapitala bereiztea.
- Partaidetzako tresnen eta enpresen gobernantza indartzea.
- Kudeaketa-autonomia eta enpresa-diziplina zaintzea.
- Parte-hartzea aldian behin berrikustea eta, beharrezkoa denean, egokitzea.