• EKONOMIA
  • Errusiari gasa eta petrolioa erosteari utziko dio Europak

Errusiari gasa eta petrolioa erosteari utziko dio Europak

2027a amaitzerako Moskutik erregai fosilik ez inportatzea erabaki du Bruselak. Errusiarekiko mendekotasuna ezabatu eta independentzia energetikoa lortu nahi dutela adierazi du von der Leyenek

Gasa garraiatzeko azpiegitura bat | Argazkia: EB
Gasa garraiatzeko azpiegitura bat | Argazkia: EB
2025eko abenduaren 3a - 15:45

Mugarri izan daitekeen erabakia hartu du gaur goizean Europako Batasunak, erabaki baitu 2027. urtea amaitzerako Errusiari erregai fosilik ez erostea. EBko kontseiluko eta parlamentuko negoziatzaileek hartu dute erabakia, eta adierazi dute erabaki “historiko” honen bidez, Europak Errusiarekiko duen mendekotasunarekin amaituko duela.

 

Lehenbizi, gas naturala inportatzeari utzi nahi dio Bruselak. Asmoa da 2026ko abenduaren 31erako gas natural likidotuaren (GNL) inportazioa erabat etetea. Gasbideen bidez heltzen den gas inportazioak, aldiz, 2027ko azaroaren 1ean amaituko dira beranduenez.  Horrekin batera, petrolioaren inportazioak “modu progresiboan” murriztuko ditu EBk, eta aurreikusten du 2027. urtea amaitzean inportazioak erabat amaitzea.

EBk adierazi du Errusia ez dela hornitzaile fidagarria, eta Europako merkatuak ezegonkortu izana egotzi dio. Hala, Moskuri erregai fosilik ez erostea independentzia energetikoa lortzeko, lehiakortasuna areagotzeko eta kontinenteko merkatua sendotzeko urrats garrantzitsua dela uste dute Europako negoziatzaileek.

 

2026aren hasierarako onartu nahi du legea EBk, eta indarren sartu eta sei astera debekatuko du gasaren inportazioa. Jada sinatuta dauden kontratuentzat trantsizio epe bat izango da: 2026ko apirilera (GLN) edo ekainera (gasbidea) arte 2025eko ekaina baino lehen itxitako epe laburreko hornidura-akordioetarako, eta 2027ko urtarrilaren 1era arte epe luzeko gas natural likidotuari loturiko kontratuetarako.

Iturria itxita aurrerantzean

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aurkeztu ditu neurriok, Dan Jorgensen energia komisarioa eta Fatih Birol EA Nazioarteko Energia Agentziako zuzendari exekutiboarekin batera. Von der Leyenek adierazi du gaur Europa Errusiarekiko “independentzia energetikoaren aroan” sartu dela.

"Azkenean itxi dugu Errusiako gasaren iturria, behin betiko. Europak segurtasun eta independentzia energetikoaren alde egin du. Ez gara inoiz itzuliko Errusiarekiko mendekotasun arriskutsura. Inoiz ez gara itzuliko xantaia energetikora, ezta ekonomikoki arriskatzera ere”, gehitu du Jorgensenek.

Dan Jorgensen (EB): "Azkenean itxi dugu Errusiako gasaren iturria, behin betiko. Europak segurtasun eta independentzia energetikoaren alde egin du"

Von der Leyenek azaldu du Ukrainako gerra hasi aurretik Europak 12.000 milioi euro ordaintzen zituela hilero Errusiako erregai fosiletatik. “Erosketa horiek 1.500 milioi eurotara murriztu ditugu, baina oraindik asko da. Helburua zerora jaistea da”, esan du. Europak inportatzen zuen gasaren %45 Errusiatik zetorren gerra hasi zenean, eta orain %13 da.

Gauzak horrela, Europako Batzordeak argitu du EBko herrialdeek beranduenez 2026ko martxoaren 1ean aurkeztu beharko dituztela "gas- eta petrolio-hornidurak dibertsifikatzeko neurriak deskribatzen dituzten plan nazionalak ", eta behartuta daudela araudia indarrean sartu eta hurrengo asteetan Errusiarekin gas-hornidurako dituzten kontratuen berri ematera.

Errusiaren erantzuna

EBko herrialdeetatik Hungaria izan da erabakiaren aurka ozenen azaldu dena. Viktor Orban lehen ministroak Errusiari petrolioa erosten jarraitzea defendatu du, segurtasun energetikoa argudiatuta. Trumpekin harreman izan da Orban kontu horri buruz eztabaidatzeko. Aitzitik, AEBetako presidentea erabaki honen aldekoa da, izan ere, Errusiaren iturria itxita, Europako herrialdeek AEBera jo beharko dute erregai fosilen bila.

Errusiak, bestalde, erabakiaren aurka egin du. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak adierazi du neurri horrekin Europak lehiakortasuna galduko duela, gasa eta petrolioa garestiago ordaindu beharko dituelako, besteak beste.