• EKONOMIA
  • Errusiatik itsasoz datorren petrolioa soilik enbargatuko du Europako Batasunak

Errusiatik itsasoz datorren petrolioa soilik enbargatuko du Europako Batasunak

Neurria urtea bukatu aurretik sartuko da indarrean, eta bahiturak, beraz, ez dio eragingo Druzhba petroliobidetik datorren erregaiari, Orbanek hala exijituta

Charles Michel Europako Batzordeko presidentea | Argazkia: Europako Batzordea
Charles Michel Europako Batzordeko presidentea | Argazkia: Europako Batzordea
2022eko maiatzaren 31a
Eg. 2022eko maiatzaren 31a

Europak utzi egingo dio Errusiatik itsasoz iristen den petrolioa inportatzeari "urtea bukatu aurretik". Hala adostu dute Europako Batasuneko liderrek Errusiari zein beste zigor ezartzeko egiten ari diren ezohiko bileran. Charles Michel Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, neurriagatik Errusiatik datorren petrolioaren "bi herena" ekartzeari utziko diote, nahiz eta bahituraren xehetasunak oraindik ere negoziazio prozesuan diren.

 

Neurriak, berriz, ez dio eragingo Druzhba petroliobidetik datorren erregaiari, zeinak Hungaria, Txekiako Errepublika eta Eslovakia hornitzen dituen. Hain zuzen ere horregatik, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak hasiera-hasieratik kontra egin dio guztizko bahiturari, erregaia lortzeko duen bide bakarra baita, eta ez duelako gaitasunik horniketarako bide berriak zabaltzeko. Orbanen betoarekin, ezinezkoa zen guztizko bahitura egitea, aho batez onartu behar baitira enbargoari lotutako erabakiak. Horregatik, erdibideko akordio honekin egin du aurrera Europako Batasunak.

Aipatutako neurriaz harago, beste zenbait iragarri ditu EBk: Errusiako hiru banku gehiagori, tartean Sberbank, debekatzea Swift zerbitzua erabiltzea, hedabideen konexioak etetea, edo herrialdeko zenbait pertsonei zailtzea jabetzak erostea.

 

Errusiari jarritako zigorrez gain, Ukrainari laguntzeko laguntza makrofinantzieroa martxan jarriko dutela iragarri du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. 9.000 milioi eurokoa izango da 2022an, eta herrialdea berreraikitzea izango dute helburu.